Urteurrenaren harira, euskara ikasleentzat propio argitaratzen den aldizkariak zenbaki berezia prestatu du eta abenduaren 7an mahaingurua ere izango da Landakon.
1981eko abenduko Durangoko 16. Disko eta Liburu Azokan aurkeztu zuten Aizu! aldizkariaren 0. zenbakia. Euskara ikasten ari zirenei beren ikas prozesuan laguntzeko euskara errazean idatzitako aldizkariaren aurkezpena xelebrea izan zela diote sortzaileek, aldizkaria baino, aldizkariaren azalaren kopia eraman baitzuten. Berrogei urte geroago, AEK-k argitaratzen duen aldizkariak jaio zen toki berean ospatuko du urtebetetzea, Durangoko Azokan.
40. urteurrenaren ospakizuna 2021eko urtarrilean hasi zuten eta hilero, Aizu!-ren historiaren pasarte garrantzitsuenak argitaratu dituzte aldizkarian. Horrez gain, irailean, aldizkariaren diseinu berria eta webgune berritua (aizu.eus) ipini zituzten martxan, eta harpidetza digitala egiteko aukera ere zabaldu zuten. Alabaina, abenduarekin batera etorriko da ospakizuneko une nagusia. Hala, Durangoko Azokan 462. zenbakia aurkeztuko dute, berezia. Izan ere, ohi baino orri gehiago izango ditu, guztira 68, eta eduki aldetik ere ez da ohikoa izango:
– Ez da hain fazila atalak 20 orri izango ditu, 12 beharrean, irakurleei denbora-pasa eta ariketa gehiago eskaintzeko.
– Ohiko edukiak eta bereziak tartekatuko ditu. Lehenengoen artean, Durangoko Azokari buruzko erreportajea, elkarrizketa laburrak, kultur orriak, albiste laburrak… Era berean, Aizu!ri erreparatuko diote beste hainbat orrik: aldizkarian aritutako irudigile eta artistek egindako zorion postalak, aldizkariari berari elkarrizketa, irakurle eta ikasleen iritziak…
– Irakurleei esker ona agertzeko, lehiaketa berezia eta opari gehiago.
Aldizkariaren ale solteak erosteko edota harpidetza egiteko aukera izango da Azokan bertan, AEK-k Landako Gunean (Goienkale, 23) izango duen standean.
Landako guneko standean izango direnez gain, beste hitzordu bat ere badute Azokan: abenduaren 7an, 16:30etik 17:30era, Talaia-Musika Eskolan, aldizkariaren aurkezpena egingo dute, mahainguru batekin batera. Aizu! aldizkaria, 40 urte euskara ikasleak hezten eta irakurleak hazten izenburupean, Gotzon Hermosilla Berria-ko kazetaria, Maider Irurozki AEK-ko didaktikari eta irakaslea, eta Belen Rufz euskara ikaslea solasean ariko dira aldizkariaren helburu eta eginkizunen gainean.