(argazkia: Laburbira)

Laburbira zikloan parte hartzeko izen ematea zabalik da

Urtarrilaren 20ra arte egongo da izena emateko epea zabalik.

Laburbira zirkuitura film laburrak aurkezteko epea zabaldu du Euskaltzaleen Topaguneak. Hala, urtarrilaren 20ra arte edozein zuzendarik bere lana aurkezteko aukera izango du webgunearen bitartez, hasi berria, nahiz amateurra izan.

Egitasmoan aurkeztu ahal izateko pelikulak euskaraz sortu beharko dira, eta antolatzaileek azaldu dutenez, “aurten ekoiztutako pelikulak, fikziozkoak eta 20 minututik beherakoak” izan beharko dira.

Aukeraketa egiterakoan zenbait irizpide izango dira kontuan: publiko guztientzako lanak izan daitezela; sortzaile berrien eta izen handikoen arteko oreka mantentzea; sortzaileen lurraldetasuna eta generoa; genero ikuspegia; eta filmen bestelako ezaugarriak: euskalki aniztasuna, umorea, animazioa, lan esperimentalak, sentsibilizazioa lantzen dutenak…

Urtarrilaren 20tik 27ra bitartean antolakuntzak film laburren aukeraketa bat egingo du. Lan horiek izango dira XIX. edizioko Laburbira zikloa osatuko dituzten lanak eta herriz herri bidaiatuko dutenak, otsailaren 25etik martxoaren 27ra bitartean. Zenbait kasutan gainera, zuzendariek beraien lanak aurkezteko aukera izango dute publikoaren aurrean.

XIX. edizioa beteko du aurten Laburbira zikloak kulturarentzako eta batez ere, ikus-entzunezkoentzako egoera berezi honetan, helburu sendo batekin: zuzendarien lanak ezagutarazten jarraitzea euskaraz ekoizten jarraitu dezaten aukera emanez eta ikusleei sortutako zinemaz gozaraztea ezohiko egoera honetan ere.

Informazio gehiago, hemen.

Zabaldu: