(argazkia: Eresia.eus)

Oier Zuñigak doluari buruzko ikuskizuna estreinatuko du larunbatean, Bergaran

Zinemagile nafarrak berak sortu, zuzendu eta antzezten duen obra da Eresia. Belen Cruz aktorea eta Eneko Gil dantzaria Zuñigarekin batera izango dira oholtza gainean.

Eresia izeneko ikuskizunak eremu publiko eta komunitarioan, doluari espazio sinboliko-estetikoa eskaintzea bilatzen du, herrian bertan heriotzak dakarren minaz era publikoan eta kolektiboan hausnartzeko parada eskainiz. Oier Zuñiga antzerkigileak sortu, zuzendu eta antzezten du obra. Bere ustez, ezinbestekoak dira doluak dakarren min eta hutsuneak osatu eta baretzeko espazioak sortzea. “Senide bat galdu dugunean, erritu sozialak modu nahiko azkarrean eta hausnarketarako aukera gutxirekin ematen dira, ibilbide pertsonal eta intimoari eraginez; gerora, min hori ezinegona edota bestelako prozesu pertsonalak plaza publikotik atera eta eremu bakartira mugatzen dira”, azaldu du.

Oinarri hau hartuta ezartzen ditu sortzaile iruindarrak Eresiaren helburuak. Lehenik eta behin, “erritu bereziak, berriak eta bestelakoak arte eszenikoen bidez praktikatuz, dolua modu komunitarioan garatzeko proiektua da honakoa”. Adierazpen artistikoaren garrantzian ere egiten du azpimarra Zuñigak, doluak sortzen duen mina eta hutsunea isilpetik ateratzeko tresna gisa ulertzen baitu: “arteak, inguratzen gaituena ulertzeko diskurtso, gako eta ulerbide berriak eman ahal dizkigulako”. Heriotzari ezartzen zaizkion tabuen gainetik, dolu prozesu publikoen lanketan sakonduko duen lana da Eresia, “heriotza bera biziaren parte den legez, ezin zaio uko egin gure bizitzetan duen lekuari. Heriotzak gure bizietan duen presentziari espazio publikoa eskaintzen saiatuko gara”.

Geuretik sortuak beka

Duela urtebete Udalbiltzaren Geuretik Sortuak beka deialdian irabazle izatetik dator artista nafarrak ondutako lan hau. 15.000 euroko beka eskuratu eta bidelagun izan ditu Antzuola, Bergara eta Elgetako udalak. Udalerri horietan egindako sorkuntza egonaldien prozesua urtebetez luzatu da, baina Zuñiga ez da bakarrik aritu, Belen Cruz aktorea eta Eneko Gil dantzaria bidelagun izan ditu hilabete hauetan zehar.

Eresia antzezlanaren estreinaldia larunbatean, hilak 15, izango da Bergarako Seminarixoan, 20:00etan. Sarrerak www.seminarioxa.eus webgunean eskuratu daitezke.

Zabaldu: