'Antigone edo ezetzaren beharra' antzezlana

Iruñeko Garaikide zikloak musika, antzerkia eta argazkigintza dakartza otsailaren 2ra arte

Kondestableko jarduerak doan izango dira. Nafarroako Antzerki Eskolako ikuskizunetarako sarrerak, berriz, 8 euroan jarri dituzte salgai.

Iruñeko Udalak Garaikide euskarazko adierazpen artistiko garaikideko zikloaren edizio berri bat abiatu du; urtarrilaren 14an, ostirala, hasi eta otsailaren 2an amaituko da. Egitarauak antzerki-dokumentala eta performatiboa, argazki-erakusketa bat eta kontzertu bat biltzen ditu, besteak beste. Agertokiak, oraingo honetan, Kondestable Civivoxa eta Nafarroako Antzerki Eskola izango dira.

Zikloa Elena Setien, Joseba Irazoki eta Xabier Erkizia musikariekin abiatuko da, eta Mirande diskoa aurkeztuko dute taula gainean, Kondestable Civivoxean, urtarrilaren 14an, 19:00etan. Grande Daysek Xabier Erkizia eta Elena Setienekin batera, Igartza Musika zikloaren barruan Beasainen eman zuten kontzertu batetik sortutako diskoa da Mirande. Lana Jon Mirande idazlearen poemekin osatuta dago. Egilearen heriotzaren 50. urteurrena ekarri nahi dute gogora.

Urtarrilaren 18tik otsailaren 2ra bitartean, berriz, zikloak argazkigintzari ateak irekiko dizkio, Autopsiak erakusketarekin, Kondestable Civivoxean. Asier Gogortzaren erakusketak autopsiaren kontzeptuaren inguruko bost argazki-sail biltzen ditu, baina kontzeptua paisaiari ezarrita. Erakusketak jenderik gabeko herri hutsetara garamatza, Berako bordetara, Portugalgo tren geltokietara…, bere garaian bizitzaz gainezka egon ziren paisaiak dira, denboraren poderioz abandonatuta eta hilzorian geratu direnak. Otsailaren 25ean, 19:00etan, topaketa bat eta erakusketara bisita bat antolatu dira, Xabier Erkiziak gidatuta.

Zikloaren lehenengo antzezlana urtarrilaren 19an, asteazkena, izango da, Nafarroako Antzerki Eskolan, arratsaldeko 19:00etan. Maite Aizpuruak sortu eta antzeztutako antzerki performatibo bat izango da. Erresistentzia arazo fisikoa da obrak gorputz-memoriaren txokoetan gelditzeko gonbita egiten digu, eta aukera ematen dio bakoitzari arakatzeko medikuek esandakoak, ibilera okerrak, desira ironikoak eta diziplina fisikoko ariketak gurutzatzen diren geraleku jakin hori.

Bestalde, urtarrilaren 23an, igandea, Jon Ander Urrestik sortutako eta antzeztutako Tribiz, baserri galdue antzerki-dokumentala eskainiko da 19:00etan, Kondestable Civivoxean. Jadanik erabiltzen ez den ondarearekin zer egin aztertzen du antzezlanak, 700 urtetik gora dituen Bizkaiko baserririk zaharrena ardatz hartuta.

Zikloarekin amaitzeko, Horman Posteren Kolektiboak Antigone edo ezetzaren beharra antzezlana taularatuko du Nafarroako Antzerki Eskolan, urtarrilaren 27an, 19:00etan. Egileek diotenez, Antigoneren bertsio librea  da, euskaratutako obra klasiko guztiz garaikidearena. Lan horretan mendeetan zehar konpondu gabeko gatazkak antzezten dira, begirada umoretsu zein tragikoaz. Obrak ikusleen saria jaso zuen Azpeitiko XXVIII. Antzerki Topaketetan.

Kondestable jauregian egingo diren jardueretarako sarrera librea izango da, Edukiera bete arte. Nafarroako Antzerki Eskolan, berriz, sarrerak 8 euroan egongo dira salgai eta bi saiotarako bonoa 12 euroan. Sarrerak www.laescueladeteatro.com webgunean eta Nafarroako Antzerki Eskolako txarteldegian jarriko dira salgai, emanaldia hasi baino ordu eta erdi lehenago.

Zabaldu: