Parte hartu nahi duenak urtarrilaren 20ra arte izango du izena emateko epea zabalik.
2022ko urtarrilaren 27an egingo da Topaldiaren 20. edizioa Bilborock aretoan. Oraingoan, Kulturgintzan euskaltzale. Zein da euskaltzaleon rola kulturgintzan? izenburupean dator eta galdera horri erantzuteko lehen urratsak ematen hastea da helburua. Horretarako, ekimenak kulturgintzaren sistema osatzen duten eragile ezberdinei gogoeta egiteko gune aproposa eskaini nahi die, kulturgintzan aritzeko, kulturgintza ulertzeko zein ohiko egiteko moduei buruz elkarrekin hausnarketa egin ahal izateko.
“Hausnaketa prozesua elikatu eta etorkizunera begirako ikuspegi zein jarrera berritzaileak eraikitzen hasi ahal izateko, kulturgintzako eragileentzat baliagarriak izan daitezkeen bitarteko ezberdinak jarriko dira Topaldian esku-eskura”, azaldu du Euskaltzaleen Topaguneak.
Aurtengo edizioan, euskalgintza eta kulturgintza elkarlotzen dituzten bi esperientzia interesgarri hurbiletik ezagutzeko aukera egongo da: Alde batetik, Elgoibarko esperientziak euskalgintzak eta kulturgintzak nola bat egiten duten agerian utziko du. Bestetik, Iruñerriko esperientzia, izan ere, herri mugimendu ezberdinen elkarlanaren ondorioz, euskara modu naturalean erdigunean jartzen duten proiektuak sustatu dituzte Iruñerrian.
Horrekin batera, kulturgintzaren eremuan kokatzeko pisu espezifikoa duten baliabideen berri izateko aukera ere zabalduko du Topaldiak, adituen eskutik: Bitartekaritza izango da lehena, antolatzaileen esanetan, “kulturgintza osatzen duten eragile guztiek elkarrekin lanean jarduteko baliabidea da bitartekaritza; elkarlanerako jarrera bat. Honen berri emango digute Artaziak kooperatibako adituek”. Komunikazioa, berriz, bigarrena izango da, “euskal kulturgintza mundu digitalean kokatzeko gakoak eskainiko dizkigu Burutü komunikazio agentziako zuzendariak”.
Jardunaldia aurrez aurre zein streaming bidez jarraitu ahal izango da. Aurrez aurreko aukera mugatua izango da (momentuko osasun neurrien araberakoa). Parte hartu nahi duenak urtarrilaren 20ra arte izango du izena emateko epea zabalik.