'Bolante baten historia' dokumentala

Gaur abiatuko da Begi Belarri zikloa Gasteizen

Marina Lameiroren Dardara proiektatuko da gaur, arratsaldeko 19:00etan, Oihaneder Euskararen Etxean. Bolante baten historia, Urak aske, Neskak dantzara! eta Gure hots filmek osatuko dute denboraldi honetako kartela.

Oihaneder Euskararen Etxeak eta GEU Elkarteak Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloaren neguko eta udaberriko programazioa aurkeztu dute. Urtarrila eta maiatza bitartean, euskarazko ikus-entzunezkoak eta solasaldiak antolatuko dira Oihaneder Euskararen Etxean bertan. Denboraldi berriari hasiera emateko, gaur, urtarrilak 19, Marina Lameiroren Dardara proiektatuko da. Denboraldi honetako kartela Bolante baten historia, Urak aske, Neskak dantzara! eta Gure hots filmek osatuko dute.

Hilero, arratsaldeko 19:00etan, film bat eskaintzea da asmoa. Emanaldi guztiek bi atal izango dituzte: alde batetik, film-dokumentalaren proiekzioa eta bestetik, filmaren zuzendariarekin, istorioaren protagonistarekin edota jorratzen den gaiarekin loturiko hizlariekin solasaldia. Gonbidapenak doakoak izango dira eta hauek hartzeko epea astebete lehenago irekiko da www.oihaneder.eus webgunean.

Zikloa gaur abiatuko da Marina Lameiroren Dardara dokumentalarekin. 25 urte taula gainean eman ondoren, Berri Txarrak taldeak geldialdi mugagabea iragarri zuen, ibilbide oparo bati etena emanez. Geratu aurretik, baina, azken bira bat egiteko nahia adierazi zuten, mundu osoko zaleak merezi bezala eskertu eta agurtzeko asmoz. Bidaia horretan Lameiroren kamera izan zuten bidelagun, birak zaleengan sortutako dardara dokumental batean jasotzeko asmoz. Zinemagileak jarraitzaileen istorioekin irudi koral bat eraiki du.

Zikloak otsailaren 16an izango du jarraipena Bolante baten historia lanarekin. Jose Miguel Etxeberria Naparra, Komando Autonomo Antikapitalistetako (CAA) kidea, 80ko hamarkadaren hasieran desagerrarazi zuten. Euskal Herriko gerra zikinaren testuinguruan desagertu zen, eta Batallon Vasco Español (BVE) talde parapolizialak hartu zuen bere gain Naparraren desagerpena. Bere autoa Ziburun agertu zen, Jendarmeria baten aurrean. Aita jendarmeengana joan eta kotxearekin zer egin nahi zuen galdetu ziotenean, bolantea autotik atera zuen. Amari agindu zion ez zela esku hutsik itzuliko.

Urak aske proiektatuko dute martxoaren 16an. Dokumentalak, larrialdi klimatikoaren ondorioak jasaten hasi eta neurriak hartzea premiazkoa den honetan, bide horretan eman diren urretsen berri emango du, eta bide horri ekiteak dituen ondorioak eta zailtasunak ezagutzeko aukera ere bai, mendebaldeko gizarteek naturarekin duten harremanari buruz hausnartzen laguntzen duen bitartean.

Apirilaren 12an Neskak dantzara! dokumentalaren txanda izango da. Oñatiko korpus dantzetan emakumeak parte hartzeko eginiko prozesua eta emandako urratsak jaso nahi izan ditu Julen Iriondo oñatiar kazetariak Neskak dantzara! ikus-entzunezkoan. 2018an dantzatu zuten Oñatin emakumeek Korpus jaietan lehenengo aldiz. Iriondok ikusi zuenez, pauso handia izan zen ordukoa, eta testigantzak jasota gelditzea garrantzitsua iruditu zitzaion; batetik herriaren historiaren zati bat gordeta gelditzeko, eta bestetik, eredu bezala balio izateko.

Zikloarekin amaitzeko, maiatzaren 11n, Gure hots lana eskainiko da. Azken 40 urte hauetan euskal emakumeek lan munduan izan duten egoeraren erradiografia historikoa, gaur egun zer-nolako ondorioak eta eraginak sorrarazi dituen ikertzen duena. Dokumental honetan, Euskal Herriko emakume desberdinen testigantzak jaso dira. 1980 eta 2020 urteen artean oinarritzen da eta lau hamarkaden iritziekin saretua dago. Gai desberdinen inguruan arituko diren zientzilari, idazle eta profesionalen ahotik jasoko dira hainbat bizipen eta errelato.

Zabaldu: