(argazkia: Euskaltzaindia)

Bilboko Lautan Hiru antzerki jaialdia otsailaren 3an abiatuko da

Egitasmoaren helburu nagusia euskarazko antzerkia hauspotzea da, antzerkilariei plaza berriak eskainiz.

Euskaltzaindiaren mendeurrenaren ospakizunen baitan jaiotako Lautan Hiru jaialdiak laugarren edizioa izango du aurten, eta indarberrituta dator, “berrikuntzaz josita”, diote antolatzaileek: “Ikusle kluba, haurrentzako tartea…”.

Otsailaren 3an, 10ean, 17an eta 24an egingo da aurtengo edizioa, eta “lau ostegunez jarraian antzerkiz blaituko dira Bilboko Zazpikaleak”. Euskaltzaindiak antolatu du egitaraua, Cafe Bar Bilbaorekin, Zazpi Katu gaztetxearekin eta Bira Kulturarekin elkarlanean.

Adolfo Arejita Euskaltzaindiko idazkariak euskal kulturak “garai zailak” bizi dituela azpimarratu du gaur egin duten aurkezpenean, eta “arnasguneak” behar dituela gaineratu du, “jaialdi honek plazak eskaintzen dizkie antzerkilariei, eta euren lana hauspotzeko aukera”. Pandemiari aurre egiteko beste ezaugarri bat ere aipatu du, hain zuzen, elkarlanarena: “Berezkoa du Euskaltzaindiak elkarlana, eta egitasmo honek erakusten du, hain zuzen, Akademiaren gogoa eta lan egiteko modua, erakundeekin eta kultur eragileekin batera antolatzen dugulako antzerki jaialdia. Hortik datorkio, baita, orain arte izan duen arrakasta”.

Gehienbat, formatu txikiko lanak antzeztuko dira Lautan Hiru jaialdian, hala iraupenari, nola muntaketari dagokionez (oro har, 15-40 minutuko piezak izango dira), eta lau agertokitan antzeztuko dira: Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barria, 15), Bira Kulturan (Erronda kalea, 2); Cafe Bar Bilbaon (Plaza Barria, 6); eta 7Katu gaztetxean (Solokoetxeko eskailerak). Nabarmendu dutenez, “leku guztietan, zorrotz beteko dira Covid-19ari aurre egiteko ezarri diren neurriak”.

Jaialdiaren helburu nagusiak ez dira aldatu azken urteotan: “euskarazko antzerkia hauspotu nahi da, antzezlan guztiak euskaraz emango dira; antzezlanak erakusteko guneak eskaini nahi zaizkie sortzaileei; eta Bilboko Zazpikaleetako giroan eragin nahi da, kultura aukerak zabalduta”, azaldu dute antolatzaileek.

Antzerki-ekoizpenari laguntza

2020an, Euskaltzaindiak antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen, Bilboko Udalaren babesarekin. Estreinako laguntza hori Artekartu konpainiak eskuratu zuen, Hauts artean lanagatik. 2021ean, berriz, Les Bobe Bobe konpainiak jaso du laguntza, Udaberria heldu da lanagatik. Pieza hau jaialdian estreinatuko da, otsailaren 24an, 7katun.

Aurten, umeei begira ere jarri da jaialdia, eta beraientzat propio antolatutako txotxongiloen tailerra egingo da, otsailaren 3an, 7Katu gaztetxean, Zurrunka konpainiaren eskutik. Bi txandatan egingo da: 17:30ean eta 18:30ean, eta txanda bakoitzean hamabi haur sartuko dira. Horretarako, aurretik lekua gorde beharko dute gurasoek, helbide honetara idatziz: info@euskaltzaindia.eus.

Bestalde, EHAZE Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin batera, Ikusle kluba antolatu da aurten. Hala, ikusleek Eneritz Artetxe aktorearen Lakoste antzezlanaz gozatzeko aukera izango dute, otsailaren 3an, Biran. Ikusle kluba, berriz, egun bat lehenago, otsailaren 2an bilduko da, Euskaltzaindiaren egoitzan, 18:30ean. Azaldu dutenez, bizipenak partekatzeko gunea sortu nahi da, helburua antzezlanez gogotik gozatzea dela.

 Sarrerak eta zozketak

Urtero bezala, bonuak eta sarrerak jarriko dira salgai. Bonuak 5 euroren truke, eta jardunaldi bakoitzeko lan guztiak ikusteko aukera izango du publikoak (3an eta 10ean bi antzezlan; eta 17an eta 24an hiru). Sarrera bakarra erosteko aukera ere izango da, emanaldi bakoitzeko 3 euro.

Bonuak Cafe Bar Bilbaon eta Bira Kulturan eskuratu ahal izango dira, bihartik hasita eta agortu arte. Gogoratu dutenez, “bonua erosi duten zaleen artean ‘opariak’ zozkatuko dira astero. Zozketa azken emanaldiaren ostean egingo da, eta opariak Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura bultzatzen duten negozioekin adostuko dira”.

Zabaldu: