Euskaldunok administrazioarekin euskaraz aritzeko eskubidea ez dugula bermatua salatu dute eta euskaldundu behar dela aldarrikatu dute.
Ehunka pertsona bildu dira Laudioko Herriko Plazan Gasteizko epaile batek Laudioko Udaleko lanpostuen hizkuntza-eskakizunen inguruan emandako epaiarekin desadostasuna agertzeko.
Elkarretaratzean eskualdeko zein herrialdeko eragile politiko, sindikal eta sozialetako ordezkariak izan dira, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak antolatuta.
Amaieran, Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluko kideek adostutako adierazpena irakurri dute, “euskaldunok administrazioarekin euskaraz aritzeko eskubidea ez dugu bermatua eta hori lortu behar dugu. Administrazioa euskaldundu behar dugu”.
Elkarteak 2019ko maiatzean aurkeztu zuen Bai we can! dinamika, eskualdeko alderdi politiko gehienek (EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, Omnia, Orain Amurrio, GUK Bai, Aiara Batuz, Adie, Okondo Aurrera eta Urduñako PSE-EEk) sinatutako erakunde publikoetan euskara biziberritzeko konpromisoa. “Udalerriz udalerri alkate eta zinegotziekin auzolanean ari gara. Ez dugu arrotz izan nahi gure herrian. Ez diogu gure izateari uko egin nahi. Ez ditugu gure eskubideak hutsean laga nahi”, adierazi du taldeko bozeramaileak. Eskualdeko udal guztiekin arazorik gabe lanean dabiltzala zehaztu dute, Laudion gertatutakoa izan dela salbuespena.
Bukatzeko, erasoen aurrean aktibatzera eta eskubideen defentsan batzeko deia egin dute.
Jarraian, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak hartu du hitza: “Gasteizko epaileak kaleratutako epaiak izan du bai ondorio positiborik. Izan ere, balio izan du aspaldi dioguna berresteko: erakutsi du edozer tontakeria, irizpide juridikorik gabeko edozer gauza balia daitekeela baldin eta hizkuntza-eskubideen urraketa ahalbidetuko duen epaia argitaratu nahi bada”. Bilbaok gaineratu duenez, “esan egin dugu eta berresten dugu, epaileek eta magistratuek hizkuntza-politika egiten dute, eta hori ez da haien lana. Botere judizialak indarrean dagoen hizkuntza-araudia aldatzeko helburua duen estrategiari jarraitzen dio. Horrela, epaien bidez saiatzen ari dira dagoen legeria aldatzen, jurisprudentziaren bidez ari dira legeria aldatzen, harik eta interpretazio hertsiena izateko, gure eskubideak are gehiago murrizteko”.
Kontseiluko eledunak azpimarratu du euskararen edota edozein hizkuntza gutxituren normalizazioan zutabe diren eremuen kontra jotzen ari direla: administrazioa, hezkuntza… “Inolako lotsarik gabe esaten dute udal batean zein langilek jakin behar duen euskara eta zeinek ez, hizkuntza-plangintzagileak bailira. Inolako lotsarik gabe esaten dute hezkuntza-sisteman zenbat toki hartu behar duen gaztelaniak, pedagogoak balira. Edota azken epaian bezala hizkuntza bat zaila den al ez, linguistak bailira” esan du.
Izan ere, ez gaude kasu isolatu baten aurrean. Bilbaoren hitzetan, “arazo larriena da argudiorik gabe, gure hizkuntzen etorkizuna baldintzatu nahi dutela. Horrexegatik, gero eta argiago geratzen ari da ez garela ari ausazko erabakiaz, baizik eta botere judizialaren estrategia zehatz batez”. Hala, Bilbaok aitzakiarik gabeko “batasuna, batasuna eta batasuna” azpimarratu du. “Oldarraldiei batasunetik eta bateratasunetik erantzun behar diegu. Euskalgintzak, eragile sindikalek, eragile politikoek, eragile sozialek, instituzioek… bat egin behar dugu bai ala bai, horrelako oldarraldiei aurre egiteko eta aski dela esateko. Guztion artean harresi bat eraiki behar dugu desadostasuna agertzeko eta horrelakoak onartzeko prest ez gaudela ozen, ozen eta ozen esateko”, gaineratu du.