(argazkia: Korrika)

22. Korrika Kulturalak herriz herriko eskaintza zabala eskainiko du

Aurtengo emanaldien artean aipatzekoak dira, besteak beste, Ruper Ordorikaren Hautsi da Anphora ikuskizuna eta eRRe eta Antigone antzezlanak. Berrikuntzen artean, Kulturalaren Menua dago: herriz herriko emanaldi kulturalak programatzeko AEK-k osatutako katalogoa.

Korrika Kulturalaren 22. edizioa aldaketekin datorrela iragarri du Asier Amondo Korrikako arduradunak, gaur goizean egin duten aurkezpenean. Izan ere, edizio hau “trantsiziotzat” jo dute, eta hemendik aurrera Kulturalaren programa garatuko da AEK-k eskainitako kultur sorkuntzarako bekaren inguruan. Amondok azaldu duenez, “23. Korrikatik aurrera, Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusia bekarekin taxutuko dugu. AEK-k lan bat sarituko du bi urterik behin; euskal sortzaile ororentzat izango da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan beharko dute”. Aurtengo proposamenak jaso dituzte dagoeneko, eta epaimahaiaren esku daude. Apirilean emango dute bekaren irabazlearen berri.

Nolanahi ere, bekarena hurrengo Korrikarako gaia da momentuz, eta “22. edizio honetan azken urteotan maiz erabili dugun formulari helduko diogu berriro; elkarlanari, alegia”, adierazi du Amondok. Hala, Bilboko Loraldia Festibala izango da, beste behin ere, Korrika Kulturalaren bidelagun, eta Hautsi da Anphora ikuskizuna beren aurtengo ediziorako proposamena. Ruper Ordorikaren azken proiektua dugu honakoa, Bernardo Atxaga eta Mugalaris taldearekin elkarlanean egina. Prentsa-agerrialdian Amaia Ocerin Loraldia Festibaleko ordezkaria ere egon da; eta, aurreratu duenez, Euskal Herriko sei udalerritan ikusi ahal izango da: Senperen, Iruñean, Bilbon, Eibarren, Gasteizen eta Oreretan.

Halaber, bestelako sorkuntza lanak sustatu eta hainbat herritara eramaten lagunduko du Korrika Kulturalak: besteak beste, eRRe ikuskizuna (Lanku kultur zerbitzuen eskutik); eta Antigone edo ezetzaren beharra, Horman Poster kolektiboak moldatutako klasikoaren bertsio librea. Agenda osoa kontsulta daiteke korrika.eus webgunean.

Herriz herriko Menua osatzeko katalogoa

Aitziber Balantzategi AEK-ko eledunak aipatu duenez, “Korrika Kulturala jaio zen AEK-k Euskal Herriari Korrikaren alde egindako lana eskertzeko, kalitate handiko kultur eskaintza zabala bueltan emanez”. Ildo horretatik, herriz-herri antolatzen diren ekitaldiak ere eraman nahi dituzte Kulturalen agendara AEK-koek. “Harago joan nahi izan dugu aurten”, azaldu du Amondok, “eta Korrikaren webgunean Menua izeneko baliabidea txertatu dugu, hau da, 22. Korrika Kulturalaren baitan antola daitezkeen ekintzen katalogoa, udalerri orori irekia”. Menuan topa daitezkeen artista eta ikuskizunen adibide da Eñaut Zubizarreta Trigger musikaria; aurkezpenean parte hartu duen bigarren artista.

Menuaren gaineko informazio guztia korrika.eus-en topa daiteke, Kulturala atalean. Horretaz gain, webguneak Korrika Kulturalaren aterkian programatuko diren ekitaldi guztien berri ere jasoko du, Agenda atalean.

Zabaldu: