(argazkia: Etxepare Euskal Institutua)

Bogotako Teatro Mayor antzokiak euskal artisten emanaldiak eskainiko ditu datozen hilabeteetan

Lehenbizikoa Iparraldeko Lumi elektro-indie bikotearen kontzertua izango da bihar, otsailak 19.

Kolonbiako hiriburuko Teatro Mayor Julio Mario Santo Domingo antzokiak Ventana Vasca (Euskal Leihoa) programa berezia antolatu du, Etxepare Euskal Institutuaren lankidetzarekin. Egitasmo honen bidez, datozen hilabeteetan euskal sorkuntza deskubritzeko eta Euskal Herrian egindako musika, dantza eta antzerkiaz gozatzeko aukera izango du Bogotako publikoak hiriburuko antzoki nagusietako baten eskutik.

Euskal Leihoa Ipar Euskal Herriko Lumi elektro-indie taldearen soinu organikoek irekiko dute bihar, otsailak 19, iluntzeko 20:00etan, Teatro Estudio aretoan. Nahia Zubeldiak eta Manu Matthysek osatzen duten bikoteak ahotsak prozesatu eta geruzak gainjartzen ditu sintetizadore, gitarra eta samplerren bidez. Taldearen bigarren lana aurkeztuko dute Bertan, Bezperen dirdira.

Antzerkia La Dramatica Errante konpainiaren eskutik iritsiko da Bogotara. Altsasuren emanaldi bana eskainiko dira apirilaren 1ean eta 2an. Maria Goiricelayak idatzi eta zuzendutako antzezlanak 2016ko urriaren 15ean Altsasun gertatutako istiluak eta ondorengo egunetan aferak hartu zuen norabidea ditu ardatz.

Apirilaren 27an Sigma Project-ek Kolonbiako Orkestra Sinfoniko Nazionalarekin batera eskainiko du kontzertua. Andres Gomis, Angel Soria, Alberto Chaves eta Josetxo Silguerok saxojoleek 2007an laukotea sortu zutenetik Europa, Estatu Batuak eta Latinoamerikan barrena kontzertu andana eman dute eta kritikaren txaloak jaso dituzte.

Euskal Leihoa fokuari Amaia Elizaran dantza konpainiak emango dio amaiera uztailaren 29an eta 30an. Mar ikuskizuna taularatuko du Teatro Mayor-en, ozeanoaren etengabeko mugimendua inspirazio iturri duen lana. Konpainiaren laugarren sorkuntza honek Xabi Zeberioren zuzeneko musika du lagun.

Gainera, programan parte hartuko duten artistek masterclass saioak ere eskainiko dituzte alor ezberdinetako ikasleen artean, eta audientziarekin galdera-erantzunak egingo dituzte.

Basque. Music. Bime Pro Bogotan

Euskal artisten presentzia Teatro Mayor-en paretetatik haratago iritsiko da, izan ere, aurten, lehenbiziko aldiz Bilbon egiten den BIME Pro musika topaketak Atlantikoa zeharkatuko du. BIME Pro Bogota maiatzaren 4tik 7ra egingo da Basque. Music.-ek bertan hartuko du parte Latinoamerika eta EAEren arteko zubi artistiko eta profesionalak eraikitzeko helburuarekin.

Cundinamarca, lehentasunezko eskualdea

Bogota, Kolonbiako hiriburua izateaz gain, Cundinamarca eskualdearen hiriburua ere bada, eta 2017tik EAEren Aliantza Estrategikoen sarean dago.

Gauzak horrela, Etxepare Euskal Institutuak sustatutako Euskal Leihoak egonkortzeko bokazioa du eta literatura, eta zinemaren mundura zabaldu nahi da. Datozen egunetan Institutuko arduradunek bilerak egingo dituzte Cundinamarca eskualdeko hainbat erakunderekin, baita azpiegitura, jaialdi eta kultur guneekin ere.

Zabaldu: