(argazkia: PuntuEus Fundazioa)

Ingurune digitalean euskararen erabilera areagotzeko akordioa aurkeztu dute

2022-2023 epealdirako jardueren helburua gizartean eta eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera ingurune digitalean sustatzea eta .eus domeinuaren presentzia areagotzea da.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta PuntuEUS Fundazioak Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan, egindako ekitaldi batean aurkeztu dituzte erakunde bien arteko elkarlanerako ildoak. 2022-2023 epealdirako jardueren helburua gizartean eta eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera ingurune digitalean sustatzea eta .eus domeinuaren presentzia areagotzea da.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Iñaki Goirizelaia PuntuEUS Fundazioko lehendakariak aurkeztu duten elkarlanerako programak bi helburu nagusi ditu: enpresetan .eus domeinuaren erabilera indartu eta euskararen erabilera euren ingurune digitalean areagotzea; eta erabiltzaileen gailu elektroniko pertsonalak euskaratzea.

Eremu sozioekonomikoan lehentasunak lau esparruren arabera antolatu direla zehaztu dute. “Batetik Hizkuntza Politika Sailburuordetzarekin harreman zuzena duten erakunde pribatu askotarikoak daude, bestetik enpresa elkargoak eta beraien bazkideak, hirugarrenez merkataritza eta ostalaritza finkatu dira eta azkenik enpresa txiki eta ertainak”.

Horretarako PuntuEUS fundazioak hainbat baliabide eskainiko dizkie enpresa eta erakundeei, hala nola, .eus domeinua doan edo webgunea automatikoki itzultzeko plugin-a.

Arlo pertsonalari dagozkion ekintzak zehazteko, hau da, eremu digitalean euskara erabiltzaileen hizkuntza nagusia izatea sustatzeko, lehenik eta behin egoeraren azterketa bat egingo da. Ondoren hainbat komunikazio ekintza egingo dira .eus domeinuaren erabilera sustatzeko edo eta nabigatzaileak eta gailu elektronikoak euskaraz konfiguratzeko.

Euskara eremu digitalean

Sailburuak adierazi duenez “hizkuntzaren bizitasun digitalari erreparatu behar diogu ezinbestean gaur egun, horrek erakutsiko baitigu neurri batean hizkuntzaren osasuna zein den. Eta bizitasun digitala eskaintzarekin lotuta dago batetik, komeni delako euskarazko eduki digitalak handitzea, ahalik eta gehienak izatea sarean. Baina bestetik, ezinbestekoa da euskarazko eduki digital horiek kontsumitzeko ohiturak indartzea”.

Bestalde, Goirizelaiak PuntuEUSek gaur egun euskal gizarteak bizi duen egoerari erantzuteko ardura duela azpimarratu du: “gizartearen transformazio digitala bizitzen ari gara eta azken bi urteetan, premiak bultzatuta, prozesu hori asko azkartu da. Guk, bide horretan dauden pertsonak eta enpresak laguntzen ditugu: domeinuarekin batera tresnak, trebakuntza, laguntza eta zibersegurtasuna eskainiz eta euskaratik egiten dugu. Transformazio digitalari euskaratik erantzuten laguntzen dion proiektua da PuntuEUS. 2017ko neurketaren arabera, Euskal Herriko webguneen % 16k zeukan edukiren bat euskaraz, eta % 1,3 zegoen euskara hutsez. .eus erabiltzen duten webguneen artean, berriz, % 84 dago euskaraz. Izan ere, .eusen erabilerak laguntzen du gure gizartearen digitalizazioa euskaraz, tokitik eta segurtasunez garatzen”.

Euskarak Ingurune Digitalean duen ikusgarritasuna handitzeko, euskarak bolumena eta datu kopuru esanguratsua sortzeko, bi eremu hartu behar dira kontuan: ezinbestekoa da webguneak euskaraz izatea eta euskara sarean ordezkatzen duen .eus domeinuaren presentzia indartzea. Baina, aldi berean, erabakigarria da ahalik eta erabiltzaile gehienek sarean ere lehen hitza euskaraz ematea.

Zupiriak azaldu duenez, “eskaintza eta kontsumo-ohiturak handitzearekin batera, ez da ahaztu behar erabakigarria dela ahalik eta erabiltzaile gehienek sarean ere lehen hitza euskaraz ematea. Sareko lehen hitz hori gure gailuek ematen dute eta horregatik da garrantzitsua erabiltzaileek gailuak euskaraz konfiguratuta izatea. Euskararen pisu espezifikoa handitu behar dugu Interneten, horrela erakutsiko bait diegu enpresa handiei, web garatzaileei, robotei eta abarrekoei euskaldunok Interneten gaudela”.

Zabaldu: