(argazkia: Loraldia)

Hainbat proposamen eta kultur adierazpen Bilboko Loraldia festibalaren zortzigarren edizioan

Martxoaren 7tik 27ra bitartean egingo da aurtengo festibala. Musika, teatroa, dantza, literatura, bertsolaritza, kale arteak, artea eta dastaketak biltzen ditu egitarauak, besteak beste.

Aurtengo Loraldia festibala martxoaren 7tik 27ra izango da Bilboko 15 gunetan eta 26 ekintza ezberdin jasoko ditu. “Diziplina anitzek izango dute lekua Loraldian: musika, dantza, teatroa, literatura, bertsolaritza, artea, hiri-kultura, dastaketak…”. Eta ohikoa denez, euskal kulturako zenbait erreferente izango ditu gogoan, hala nola: Mikel Laboa, Juan Carlos Eguillor, Eulalia Abaitua. Horiekin batera, egungoak oholtzan izango dira: Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Maddi Oihenart, Uxue Alberdi edota Aukeran Dantza Konpainia, besteak beste.

Gainera, aurtengo edizioak gazte sormenaren harrobi berria proposatuko du Zorrotzaurreko irlan, gazte eta talentu berriei plaza eskainiz. “8. edizio honetako berrikuntzetako bat da hain zuzen ere proposamen berri hau, Loraldia Terminala izena hartu duena eta gazte-sormenari eremua eta plaza eskaintzen diona”.

Loraldia Kultur Elkarteak ekitaldi honetarako espreski sortutako hainbat ekoizpen propio aurkeztuko ditu aurtengo edizioan ere. Eta, beti bezala, euskaraz egindako kulturaren zabalkundean eta emakume sortzailearen aldarrikapenean jarriko du begirada.

“110 artista baino gehiago igoko dira eszenatokietara, eta beste behin ere, Bilbo euskaraz egindako kulturaren hiriburu bihurtuko da hilabetez”.

Hautsi zen anphora!

Hautsi zen anphora! da aurtengo ediziorako aukeratu den lema. Duela lau hamarkada luze Atxagaren Etiopia lehen liburutik abiatuta, Ruper Ordorikak lan horretako hainbat poema kanta bihurtu zituen eta Hautsi da anphora aurkeztu zuen. Antolatzaileen arabera, “berritzaileak diren poema eta kanta haiek badute zer konta gaurko garaietan. 1980an bezala, iraganarekin hautsi nahi dugu eta mila ispilutan gure sormen garaikidea islatu”.

Izan ere, Hautsi da anphorari lau hamarkadako hautsa kendu diola dio antolakuntzak eta Ruper Ordorikak & Mugalarisek eszenaratuko dute, Bernardo Atxagak gaurko begirada literarioa irakurtzen duen bitartean. “Geroari begiratzen dion sormena da. Pott Bandaren garaian bezalaxe, geroa gaur izango dugu”.

Esperientzia digitala

Aurreko edizioan abiatutako Bozak esperientzia digitalaren bigarren edizioa da hau. Berriro ere bi musikari bilduko dituzte: Liher taldearen arima den Lide Hernando, alde batetik, eta bestetik, Maddi Oihenart, Zuberoako boza. Biek ala biek Maddalen Arzallusen solasaldian parte hartuko dute. Emakumea eta euskal eszenari buruzko iritziak entzuteko aukera egongo da eta ipar-hegoa harremana aztertuko da. Gainera, Itziar Ugarte poeta gonbidatuko dute bere iritzia emateko. Bestetik, Launa melodia aurkeztuko dute zuzenean. Bi mundu hurbil bidegurutze batean. Lide Hernando rock mundutik dator eta Maddi Oihenart herri kantatik. Guggenheim aretoan bertan gozatzeko ikuskizun hau streamingen bidez ere ikusi ahal izango da, loraldia.eus eta eitb.eus webguneetan.

Egitaraua osorik ikusteko, hemen.

Zabaldu: