Emanaldia martxoaren 15ean izango da, 19:30ean, Arriaga Antzokian. Bertan parte hartuko dute Getari Etxegaraik, Ane Pikazak eta Maite Larburuk.
Gaurko euskal kulturaren erakusleiho eta bozgorailua da Bilboko Loraldia Festibala, baina aitzindari eta erreferenteei ere merezi duten errespetua erakustea garrantzitsua dela uste du antolakuntzak. Horregatik, Loraldia Kultur Elkarteak Mira Hadi. Eulalia Abaitua, andre-begietan antzerki lana ekoitzi du, Eulalia Abaitua argazkilariari merezi duen aitortza eta omenaldia egiteko asmoz. Ikuskizuna martxoaren 15ean izango da, 19:30ean, Arriaga Antzokian.
Ikuskizunak Abaituaren bizitza kontatuko du begirada garaikide baten bitartez. “Gure memoria bisualaren artisau ezinbestekoa izan baitzen”, adierazi du Elkarteak.
Eulalia Abaitua 1853. urtean jaio zen, Bilbon. Nerabe zela Liverpoolera joan zen, eta bertan argazkilaritzaren mundua deskubritu zuen. Ingalaterran ikasi zuena Euskal Herrira ekarri zuen, eta euskal ohitura eta festak betikotu zituen bere irudien bitartez. Horrela bihurtu zen Euskal Herriko lehendabiziko argazkilaria.
Bere lanetan herri xehea eta eguneroko bizitza jarri zituen kameraren beste aldean, batez ere emakumeak. “Oraindik nahiko ezezaguna den emakumea argazkilaritza antropologikoaren ordezkari bikaina izan zen”.
Ikus-entzunezkoak, antzerkia eta musika
Ikuskizun honen protagonista, beraz, Eulalia Abaitua izango da, baina hiru emakume izango dira omenaldi hau aurrera eramango duten arduradunak. Patxo Telleriak idatzi du gidoia eta obra honen zuzendaria Getari Etxegarai da. Ane Pikaza arduratuko da argazkilariaren bizitza eta memoria kontatzeaz. Maite Larburuk, berriz, historia miresgarri honi merezi duen soinu banda jarriko dio. Musika berak sortu du eta zuzenean joko du.
Ikus-entzunezko atalari dagokionez, Abaituaren argazki bildumaren parte bat ezagutzeko aukera egongo da, betiere gaurko ikus-estetikara moldatuta.