Hiru sortzaile-talde izango dira protagonistak: Juantxo Arakama eta Asmathic Band; La Basu eta Basatiak; eta Nerea Erbiti, Ion Celestino eta Eskola Ergatiboa.
Asko dira Bilboko Loraldia jaialdirako sortzen ari diren ikuskizunak, horietako bat dugu Muguruza Mani-fest izenekoa. Kontzertu berezi honetan Fermin Muguruza abeslariaren kanta ezagunak gaurko garaietara ekarriko dira, eta hiru sortzaile-talde izango dira horren arduradunak: alde batetik, Juantxo Arakama Asmathic Bandarekin igoko da oholtzara; beste alde batetik, La Basu Basatiak taldearekin ariko da agertokian; eta azkenik, Nerea Erbiti, Ion Celestino eta Eskola Ergatiboa taula gainean batera ikusteko aukera izango dugu.
Ikuskizuna martxoaren 26an, larunbata, izango da, Bilboko Kafe Antzokian.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “2020ko Loraldia festibalaren ediziorako prestatutako ekimena izan zen, baina urte horretan pandemiaren eztandak festibala bete-betean harrapatu zuen eta bertan behera utzi behar izan genuen”. Ikuskizuna baldintza onak bermatu arte eta edukiera osoa berreskuratu arte atzeratu egin da, berme guztiekin egin ahal izateko.
Muguruzaren betiko kantak, gaurko ikuspuntutik
Fermin Muguruzaren kantak belaunaldi baten soinu-banda izan dira. Horregatik Negu Gorriak taldearekin eta bakarlari gisa plazaratu dituen hamaika abesti bildu dituzte, eta gaur egungo euskal musikariak elkartu dira beraien ikuspuntutik pieza horiek berrinterpretatzeko. Izar & Star ekimenarekin elkarlanean antolatutako ikuskizuna izango da.