(argazkia: Piztiak)

Piztiak talde ondarroarrak ‘XXX’ diskoa kaleratu du bere 30. urteurrenaren harira

Txomin Uribek sortutako Begietara begiratu abestia aukeratu dute diskoaren aurrerapen kanta gisa. Horretaz gain, Josu Aranbarrik sortutako Barrun barrukuk pieza berria ere biltzen du lanak, hiru hamarkada hauetan kaleratutako diskoen artean aukeratutako hainbat abestirekin batera.

30 urte igaro dira Ondarroako taldea jaio zenetik eta urteurrena ospatzeko asmoz, XXX izeneko diskoa kaleratu du. Lanak Josu Aranbarri taldekideak sortutako Barrun barrukuk eta Txomin Uribe taldekideak sortutako Begietara begiratu kanta berriak eta hiru hamarkada hauetan kaleratutako diskoen artean aukeratutako hainbat abesti biltzen ditu.

Laukote bizkaitarrak azaldu duenez, Aranbarriren Barrun barrukuk pieza “Covid19-aren eraginez etxean konfinatuta egon garenean etorritako irudi eta burutazioez hitz egiten du”. Izar Aranbarri Lakak sartu ditu ahotsak. Abesti honen bideoklipa aurrerago aurkeztuko dutela iragarri dute taldekideek.

Uriberen Begietara begiratu abestia, berriz, disko berriaren aurrerapen kanta izateko aukeratu dute. “Etxean gaixotasun larri baten ondorioz izandako bizipen eta galeraren sentipenez sortutako abestia” dela dio musikariak. Gaixotasun larri bat eduki edo izan dutenei eta bere ingurukoei eskainitako abestia dela azpimarratu du.

Ondarroarrak kontzertu birarekin hasi dira jada, martxoaren 26an Algortako Azebarri Kultur Elkartean izango dira, apirilaren 30ean Tolosako Bonberenea gaztetxean eta maiatzaren 14an Azkoitiko Matadeixen.

Zabaldu: