(argazkia: Tabakalera)

Juan Perez Agirregoikoa artistaren soinu-instalazioa paratu dute, Donostiako Tabakaleran

Concierto para puño alzado izeneko obra hau ekainaren 26ra arte bisitatu ahal izango da Tabakalerako eskailera nagusian, eraikina irekita dagoen ordutegian.

Donostiako Tabakalera zentroak soinu-instalazioak oinarri dituen Scala proiektuaren laugarren sorkuntza aurkeztu du: Juan Perez Agirregoikoaren (Donostia, 1963) Concierto para puño alzado.

Ochote Ozenkik grabatutako zenbait abesti biltzen ditu instalazio honek. Perez Agirregoikoaren jarraibide zehatzei men eginez, zenbait filosofo frantsesen testuetatik eratorritako hitzak txertatzen dizkie zortzikote tradizionalak El menú, Beti eskamak kentzen, Ume eder bat, Viva Aragón eta antzeko abesti herrikoiei.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “printzipioz elkarren artean arraroak diren elementuen konbinazio hori estrategia baten ondorio da, bere balioak modu disimulatu batean transmititu nahi dituen autoritatearen oinarriak argitzera zuzendua. Guy Lardreau, Jacques Fradin, Gilles Grelet eta Jacques Lacan filosofo materialisten testuetan oinarrituta idatzi ditu letrak artistak, materiaren eta hizkuntzaren arteko harremanez, ekonomiaz eta gure nahiez, energia iraultzaileaz eta kondenatua dirudien ordenara itzultzeaz hausnartzeko”.

Hala, artistak 2007an egin zuen obra berreskuratuko du. Lan hori grabatu egin zen eta nazioartean ibilbide luzea izan zuen, baina ez da inoiz Donostian ikusteko edo entzuteko aukerarik egon.

Soinu-instalazioaz gain, Scala espazioak paretean fanzine baten orrien erreprodukzioa jasoko du, abestien hitzekin eta baita zenbait marrazki ere. Gainera, publikoak argitalpenaren kopia bat etxera eraman ahal izango du.

Pieza hau 2022ko ekainaren 26ra arte bisitatu ahal izango da Tabakalerako eskailera nagusian, eraikina irekita dagoen ordutegian.

Zabaldu: