(argazkia: Artium Museoa)

Bilduma, adiskideen komunitatea eta publiko berriak izango dira Artium Museoaren 20. urteurrenaren ardatza

Jarduera programa apirilaren 1ean hasiko da Bilduma_Ikusgai ekimenarekin. Apirilean eta maiatzean sarrera doakoa izango da.

Gasteizko Artium Museoak 20. urteurrena beteko du datorren apirilaren 26an, eta, data horren harira, jarduera-programa zabal bat prestatu du datozen hilabeteetarako, bere bilduma eta komunitate atxikiak ardatz harturik. Egitaraua apirilaren 1ean hasiko da, Bilduma_Ikusgai ekimenarekin, “bildumako obrak instalatzeko berreskuratutako espazio berri bat izango da honakoa, Juan Luis Morazak museoaren etorkizunei buruz emango duen hitzaldi batekin irekiko da eta datorren urtarrilean egingo den bildumaren aurkezpen berriarekin amaituko da”.

Proposamenen artean daude, halaber, erakusketa bat museoko ezohiko espazio batean, artelanen gordailuan, eta obra berriak instalatzea museoaren kanpoaldean. Bestalde, museoaren adiskideen taldeak, hezkuntza-komunitateak eta gainerako lankidetza-sareek ere protagonismo berezia izango dute 20. urteurreneko egitarauan. Apirilean eta maiatzean museoko sarrera doan izango du publikoak.

Bilduma_Ikusgai jarduerari dagokionez, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren bilduma izango da 20. urteurrenerako antolatu diren jarduera berezi askoren protagonista. Bilduma ikusgai izenburu orokorraren pean egingo den Bilduma_Horman: 20 urte, 22 artista ekimenean esaterako. Museoak bildumako obrak erakusteko espazio berri bat berreskuratu eta atondu du, eta txandaka jarriko dira bertan ikusgai bildumako obrak, museoak kontserbatzen duen ondare publiko bikaina ezagutzera emateko.

Bilduma_Horman. 20 urte, 22 artista Artium Museoak Bildumaren funtsetako obra sorta hautatu bat aurkeztuko du datozen hilabeteetan, txandakatze dinamiko baten bidez. Doako sarbidea duten barne espazioetan erakutsiko dira obra horiek, museoaren ondarearen ezagutza zabaltzeko. Zehazki, 22 obra erakutsiko dira, beste hainbeste artistarenak; horien artean, 2002an Artium Museoak ateak zabaldu aurretik ere Bildumaren parte izan diren piezak, baita azken urteetan museoaren funtsetan sartu diren eskuratzeak ere, eskulturak eta instalazioak nagusiki, zeinak biltzen baitituzte testuinguruko artista nagusien izenak.

Txandaketa apirilaren 1ean hasiko da. Erakusgai jarriko diren lehen obrak June Crespo, Jon Mikel Euba eta Juan Luis Morazarenak izango dira, eta, hurrengo txandetarako hautatuen artean daude Elena Mendizabal, Juncal Ballestin, Txomin Badiola, Gema Intxausti, Susana Solano, Eva Lootz, Elena Aitzkoa, Katinka Bock, Cristina Iglesias eta Juan Muñozenak, besteak beste.

Bestalde, Museoak bisita-programa bat antolatu du museoaren pintura-gordailuetan ezarritako erakusketara. Erakusketa horrek bildumatik maileguan gehien ematen diren obrak erakutsiko ditu, oro har publikoari itxita egoten den espazio batean.

Bilduma_Gordailuan erakusketarako aukeratutako lanak dira, besteak beste, Le peintre avec pinceau bleu (Miquel Barcelo, 1983; Les amoureses (Elene & Rrrose) (Elena del Rivero, 2001); El autorretrato en el tiempo (Esther Ferrer, 1981-1994); Femme dans la nuit (Joan Miro, 1974); Mousquetaire a la pipe (Pablo Picasso, 1968); Te miras como tu eres (Soledad Sevilla, 1988); eta Creu negra i diagonal (Antoni Tapies, 1973).

Ekimen horiekin batera, museoak hainbat jarduera egingo ditu kanpoaldean: obra berriak instalatuko ditu, esku-hartzeak egingo ditu aurretik instalatutako zenbait piezatan, eta zenbait jarduera antolatuko dira museoaren plazan.

Bilduma_Plazaratu apirilaren 26an hasiko da, Nestor Basterretxea artistaren zenbait lanen inaugurazioarekin.

Artiumen 20. urteurrenerako aurreikusitako proiektuei amaiera emateko, bildumaren funtsen berrantolaketaren aurkezpena egingo da 2023ko urtarrilean, Zeru bat, hamaika bide erakusketaren ondoren bilduma berria prestatzen ari da museoa oraindik, baina Euskal Herriko artearen historiako azken hamarraldietako ibilbide kronologikoa marraztuko du.

Zabaldu: