(argazkia: Ikastolen Elkartea)

Ikastola batetik ikastola guztietara salto egiteko Milimetroak egitasmoa aurkeztu dute

Milimetroak apirilaren 26an egingo da Oarsoaldean eta maiatzaren 20an Tolosaldean.

Kilometroak festa erraldoia eta bakarra ardatz zuen ohiko eredua atzean uzteko asmoa azaldu dute aurten. Berrikuntzen artean, gaur Euskal Herriko Ikastolen Etxean aurkeztu duten Milimetroak izeneko egitasmoa dago. Ekimen honen bitartez, Ibarrako Uzturpe ikastolak Tolosaldeako beste ikastetxeetako ikasleekin harremana sustatu nahi du eta bide batez, Ibarra eta ibartarrak ezagutarazi. Egitasmo beraren beste adar bat Oarsoaldearaino iritsiko da, eta horren emaitzak artelan kolektibo baten itxura hartuko du. Antolatzaileek azaldu dutenez, “ekimenaren helburua da hainbat ekintzaren bitartez ikastola desberdinen komunitateak harremanetan jartzea, horien parte hartze erreala sustatzea eta euskarari espazio berriak eskaintzea kultur adierazpide desberdinen bidez, ahalik eta modu ludikoenean”.

Milimetroak apirilaren 26an egingo da Oarsoaldean eta maiatzaren 20an Tolosaldean. Eredu berriaren ezaugarrien artean ondorengoak aipatu ditu Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko kideak: “Jai partehartzaileagoa egitea; ikastola batetik ikastola guztietara salto egingo duena eta herritik atera eta Gipuzkoara hedatuko dena, baita Euskal Herrira ere. Eta egun batetik urte osora zabalduko dena; komunitate osoaren partehartzea sustatuko duena, bereziki ikasleena. Era berean, ikastolek berezko duten kultur sorkuntzari plazak eskainiko dizkie, besteak beste”.

Milimetroak, esan bezala, eskualdeka antolatuko da eta aurten Oarsoaldearen eta Tolosaldearen txanda izango da. “Datozen urteetan eskualde gehiagoetara heltzea da gure asmoa, pixkanaka Gipuzkoako ikastolen ekarpen hau lurralde osora zabaldu dadin”.

Artolak 2022ko Kilometroen antolaketa Ibarrako Uzturpe ikastolak hartu duela gogoratu du, “egitarau oparoa izango du urtean zehar eta urriaren 2an ospatuko dugun azken festarekin emango diogu ekitaldiari amaiera”.

Kilometroak jaiak eredu berri batean sinesten duela adierazi dute eta bide horretan kokatzen dute Milimetroak. Gogoratu dute duela bi urte zirela hastekoak eredu berriarekin, Zubimusu ikastolarekin batera. “Baina azken bi urteotako egoerak zaildu egin ditu asmo horiek eta ezin izan dugu eredu berriaren garapena nahiko genukeen moduan gauzatu. Hala ere, egin diogu keinu bat azken bi ekitaldietan”. 2022ko Kilometroak jaiak emango du beraz, eredu berrian sakontzeko aukera.

Tolosaldeko Milimetroak

Tolosaldeko Milimetroak gai honen inguruan egingo dute: naziotasuna aurrez-aurreko elkar ezagutzaren bidetik. Gaia hori izanda eskualdeko ikasleen arteko harremana eta elkar ezagutza sustatuko dituzte eta keinu egingo diote Euskal Herrian antolatzen diren ikastolen aldeko beste lau jaiei. LH6 ikasleen arteko topaketak egingo dituzte online eta eskualdeko ikastolen kasuan aurrez aurre, Ibarran bertan. Ibarrako ikastolako ikasleek anfitrioi lanak egingo dituzte, eta Uzturpe ikastolak abiarazitako Infinitu Irribarra ekimena baliatuko dute horretarako.

Oarsoaldeko Milimetroak

Oreretako ikastolako Anartz Muxikak zehaztu duenez, eskualdeko Milimetroakek herritarren eta herrien burujabetza izango du gai nagusi, eta kasu honetan DBH 4ko ikasleen arteko topaketa bultzatuko dute. Oarsoaldeko Haurtzaro, Pasaia-Lezo eta Orereta Ikastolak izango dute hitzordua antolatzeko ardura. Apirilaren 26an beteko da Gernikaren bonbardaketaren 85. urteurrena eta data baliatu nahi izan dute. “Egun esanguratsua da Euskal Herriko historian. Mundo osoan ezaguna, herritarren kontrako aurreneko aire erasoa delako eta Picassoren artelanak egindako ekarpenarengatik”, esan du Muxikak. Hori dela eta, “egun munduko hainbat bazterretan gertatzen ari diren erasoaldi guztien kontzientzia hartzeko diseinatu dugu ekimena”.

Goizean lau ikastoletako 100 ikaslek Picassoren Gernika obraren bertsio koloretsua margotuko dute.

Zabaldu: