Ikastolek jaiek Euskal herriko ikastolen komiki lehiaketaren 2. edizioa abiatu dute

Gernikako bonbardaketa izango da Euskal Herriko Historiari lotuta komiki-kontakizun bilakatzeko aukeratu den gaia. Maiatzaren 15era arteko epea izango da lanak aurkezteko.

Euskal Herriaren historiaren momentu zehatz batean gertatutakoa komiki-kontakizun bilakatzeko helburuarekin abiarazi zuten iaz ikastolen jaiek Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketa. Aurtengoa beraz, bigarren edizioa izango da. 14-16 urte bitarteko gazteei zuzendua, maiatzaren 15era arteko epea izango dute lanak aurkezteko; berauek bakarka edo taldean egin daitezke.

Komiki lehiaketaren bigarren edizio honetako gaia Gernikako bonbardaketa izango da.

Lehiaketa irekia da adin tarte horretako gazte guztientzat (ez da derrigorrezkoa ikastola bateko ikasle izatea) eta teknika ere librea izango da, lanak PDF formatuan aurkeztu beharko diren arren. Lanak euskaraz idatziko dira eta lau orrialdetako luzera izango dute gehienez (komikiaren azala bosgarrena izango da). Jasotako komiki lan guztien artetik onena zein den ebatziko du epaimahaiak, eta sari gisa Xabiroi komiki aldizkariaren 2022ko urriko zenbakian argitaratuko da. Gainera, aurkezten diren lanak ikastolen jaien webguneetan izango dira ikusgai.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “lehiaketa baino, parte-hartzea sustatzea bilatzen da”. Horregatik, parte-hartzaile guztiek Xabiroi aldizkariaren urteko harpidetza jasoko dute eta denen artean Xabiroi bildumak zozketatuko dira. Halaber, puntu gehien lortzen duten egileak edo egileek tablet bana jasoko dute.

Lehiaketaren oinarriak eta informazio osagarria, hemen.

Zabaldu: