(argazkia: Iñigo Royo)

Donostiako San Telmo Museoak Gervasio Sanchez argazkilariaren ‘Bizitza’ erakusketa paratu du

Museoko Laborategian izango da ikusgai ekainaren 12ra arte, doako sarrerarekin.

Gervasio Sanchez argazkilariaren 41 irudirekin osatutako Bizitza izeneko erakusketa zabaldu du  Donostiako San Telmo Museoak. Gerardo Mosquera da komisarioa, eta nagusiki zuri beltzean egindako argazkiak biltzen ditu, 1991tik 2015era arteko urteetan munduko gerra ezberdinetan egindakoak. Aurretik beste zenbait egoitzatan ere izan da ikusgai, Vida izenburuko liburuan proiektua osatzen duten beste argazkiekin batera.

Erakusketa San Telmo Museoak antolatu du, Kriminologiaren Euskal Institutuaren (EHU)  lankidetzarekin. Nazioarteko Biktimologia Sinposioaren harira antolatu da, pandemiaren eraginez hasiera batean aurreikusitakoa baino beranduago bada ere.

Nazioarteko Biktimologia Sinposioa hiru urtean behin egiten da, 1973az geroztik, eta Euskal Herrian egiten den lehen aldia izango da (ekainaren 5etik 9ra Kursaalen, https://www.symposiumvictimology.com). Bertan hainbat diziplinatako espezialistak bilduko dira ikerketaren, politika publikoen eta aktibismoaren arloan. Giza eskubideen ikuspegitik, askotariko delituen, gertakari traumatikoen eta gizarte-sufrimenduaren biktimei buruzko alderdiak landuko dira. Horrekin batera, herritar guztientzako programa sozio-kultural bat eskaintzen da, tartean erakusketa hau duena.

Bestalde, aurten 19. ediziora iritsi den Giza Eskubideen Zinemaldiarekin ere bat egiten du erakusketak. Bi ekimenak bizitza proiekzioen jarduera gehigarrien artean kokatzen da.

Zabaldu: