(argazkia: Korrika)

Korrikaren amaiera festarako dena prest da Donostian

Donostiako Boulevard Zumardian bukatuko da Korrikaren edizio honen 2.500 kilometroko ibilbidea, apirilaren 10ean, eta aurreikusitakoa baino urtebete geroago. Antolatzaileek azaldu dutenez, “Gipuzkoako hiriburu osoa zeharkatu ondoren, Zurriola hiribidetik sartuko da karabana koloretsua. Amaiera ekitaldia bertan izango da; eta segidan, bertaratutakoei helduko zaie festarako tenorea”.

22. Korrikaren amaiera festa aurkezteko egin dute prentsa-agerraldia gaur Korrikako arduradunek. Deialdia egin dute Euskal Herriko txoko guztietako jendea bertaratzeko, eta, era berean, uste dute Donostiako herritarrentzat nahiz eragileentzat hitzordu ederra izango dela, euskararen auzian lanean segitzeko akuilua.

Lekukoa 12:30erako helduko dela aurreikusita dago. Une horretan, lekukoaren barruan doan mezu sekretuaren egilea nor den jakingo da, eta noski, mezuaren beraren edukia ere. Ekitaldi nagusiaren aurkezleak Bagera Elkarteak sortutako Atzean zuloa proiektuaren aurpegiak izango dira, esketxotako pertsonaiak gorpuzten dituzten aktoreak Ivan Aizpurua eta Nerea Aranburu donostiarrak, alegia.

Bestalde, azken eguneko arduradun Luix Intxauspek azaldu du Donostiako festarako “dena prest dagoela”, eta egun osoa iraungo duela. Festa “handia bezain berritzailea” prestatu dute auzolanean, eta elkarlanean aritu den Donostiako antolaketa taldeak: gune desberdinetan sakabanatuta, publiko desberdinei begirakoa, egitarauan Donostiako kultur eragileen parte hartzea lehenetsia, eta abar.

Amaitzeko, bi ohar nabarmendu dira: batetik, eraso sexistarik gabeko eguna izateko, eta, bestetik, garraio publikoa erabiltzeko.

Informazio gehiagorako, hemen.

Zabaldu: