Zikloa maiatzaren 2an abiatuko da Una orquesta armada dokumentalarekin. Emanaldian Iñaki Urbizu Pela bezalako musikariek hartuko dute parte.
Askotariko ikus-entzunezkoak eskainiko ditu Orbain Kultur Elkarteak asteartero, maiatzetik aurrera, Navarro Villoslada kaleko lokalean. “Dibulgazioaren eta sustapenaren ikuspegitik apustu garrantzitsua da”, uste dute Orbainekoek. “Dinamika honen bidez, Kultur Elkarte gisa ezartzen ditugun helburuetan aurrera egiten jarraitzeko aukera ematen baitigu. Helburu horiek, jakina denez, gure lurraldean, punk, rock eta kultura alternatiboaren azterketa, kontserbazioa eta zabalkundea dira”.
Azaldu dutenez, “azkenaldian, ikus-entzunezko materialen ekoizpen handiagoa ari da izaten, eta gero eta kalitate handiagoa dute bai errealizazioan, bai edukietan”. Gainera, interes berezikoak iruditzen zaizkien gai batzuk jorratuko eta horietan sakonduko dutela nabarmendu dute.
Hala, punk rock estiloari dagokion guztiak presentzia garrantzitsua izango du proiekzio hauetan, kalitatezko materialarekin eta Euskal Herrian ekoitzitakoa edota kanpotik datorrena uztartuz. Baina, era berean, “gure elkartearentzat interesgarriak diren gaiei buruzko materiala ekartzen saiatuko gara, bai gaurkotasunagatik, bai jorratzen duen gaia interesgarria iruditzen zaigulako, edota gai horiei buruz gehiago jakin edota ulertu nahi dugulako”. Honekin batera, proiekzioarekin zerikusia duten pertsonak ekartzea da elkartearen asmoa.
Orbainek kartel bat aurkeztuko du hilero proiektatuko dituzten lanekin eta bakoitzaren sinopsiarekin. Horrekin batera, ikus-entzunezkoa aurkeztera edo gaiari buruz hitz egitera hurbilduko diren gonbidatuen berri emango dute.
Gainera, ikus-entzunezko sortzaileen eta hura bultzatzen duten eragile sustatzaileen eskura jarri dira, elkarlan edo jarduera bateratuak egiteko. “Gure azpiegitura, agertokia eta lokala eskura jartzen ditugu, eta ez gara ixten espiritu horrekin datozen edozein motatako proposamenetara”, adierazi dute.
Maiatzeko egutegia honakoa izango da:
Maiatzaren 2an, 18:00etan: Una Orquesta Armada. ¿Puede la música cambiar el mundo? dokumentalaren aurkezpena. Ivan Muñiz zuzendariaren presentziarekin.
Maiatzaren 10ean, 19:00etan: Lana eta gizartea. Las costuras de la piel (J.B.A.) dokumentalaren proiekzioa. Ondoren, UGT eta CNT sindikatuetako ordezkariekin solasaldia.
Maiatzaren 17an, 19:00etan: Arabiar Saharar Demokratikoa Errepublika ezagutzen… Kafana ¡Basta ya! (J.B.A.) dokumentalaren proiekzioa. Ondoren. Arabako Arabiar Saharar Demokratikoa Errepublikaren Lagunen Elkartearekin (RASD), solasaldia.
Maiatzaren 24an, 19:00etan: Armadak. El ejército secreto de la OTAN: Operación Gladio dokumentalaren proiekzioa.
Maiatzaren 30ean, 19:00etan: Punk jarrera. Punk Attitude (J.B.A.) dokumentalaren proiekzioa.
Amaitzeko, hitzaldiak, erakusketen inaugurazioak edota disko eta liburuen aurkezpenak sare sozialetan zuzenean zabaldu ahal izateko grabazio-ekipo bat martxan jarri dutela iragarri dute. “Honen bidez, gure agertokira etortzen diren musika taldeei beren kontzertua grabatuta eramateko aukera eskainiko zaie. Uste dugu interesgarria izan daitekeela talde askorentzat, askotan, Orbainen izaten baitute lehen kontzertua”.