Bertsoaren inguruan dabiltzan emakumeak biltzea izango da helburu nagusia, izan bertsolariak, bertsozaleak, gai-jartzaileak, epaileak edota antolatzaileak, elkar ezagutu eta saretzeko asmoarekin. Ekimen berri honen oinarria ere gozamena izango dela aipatu dute. Markina-Xemeinen egingo da lehen edizio hau. Izen ematea zabalik dago jada.
Topaketa honek Bizkaiko bertso munduko emakumeak batu nahi ditu maiatzaren 22an Markina-Xemeinen. Bizkaiko Bertsozale Elkartearen arabera, “bertsoaren inguruan gabiltzan emakumeak biltzea izango da helburu nagusia, izan bertsolariak, bertsozaleak, gai-jartzaileak, epaileak edota antolatzaileak, elkar ezagutu eta saretzeko asmoarekin”.
Topaketa honen lehen edizioa antolatzeko bilera irekia egin zuten martxoan eta bertan adostu zen topaketa berri honen oinarria gozamena izango dela, hau da, “elkarrekin egon eta ondo pasatzea. Aurrerago etorriko dira hain beharrezko ditugun bestelako gogoetak eta hausnarketak”, adierazi dute.
Eguna poteo txiki batekin abiatuko da eguerdiko 12:30ean, eta ondoren, 14:30ean, bazkaria antolatu dute. Bazkalostean, 17:00etan, bertso saioa egingo dute, hainbat bertsolariren parte hartzearekin.
Antolatzaileek azaldu dutenez, izena emateko galdetegi labur bat bete beharko da, eta bazkaria egunean bertan ordainduko da, 18 euroren truke. Elkarteak jendea animatu nahi izan dute bertan parte hartzera: “zenbat eta parte hartzaileagoa eta anitzagoa, aberatsagoa!”, bukatu dute.