(Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

Dantz Point programak musika elektronikoa eta ondarea uztartuko ditu

Aurtengo edizioan espazio hauetan egingo dira emanaldiak: Tolosako Zumardi Txikia, Oiartzungo Arditurriko meategiak, Lasarte-Oriako Brigiden komentua edo Donostiako Kursaaleko terrazak. Irun eta Hondarribian ere izango dira ekitaldiak, oraindik zehaztu gabeko guneetan.

Ondarea musika elektronikoarekin eta abangoardiakoarekin uztartzen duen programa da Dantz Point. Bi urteko pandemiaren ondoren, zuzeneko emanaldiak berreskuratuko ditu aurtengo edizioak. Orotara, sei ekitaldi izango dira Gipuzkoan zehar, zuzenekoaren bidez eta baita formatu digitalean ere.

Antolakuntzak azaldu duenez, “Dantz Point-ak ekintza artistikoak dira, batez ere musika elektronikoko eta abangoardiako saioak, leku enblematikoetan eta bi protagonistarekin: musika eta ondarea”. Saioak zuzenean grabatzen dira eta tokiko eta nazioarteko hainbat plataformatan emititzen dira.

Programa Paolo Solo eta Furoniaren eskutik abiatuko da. Lehen Dantz Point hau apirilaren 30ean, larunbata, egingo da, 19:00etan, Lasarte-Oriako Brigiden komentuan. Ondoren, hurrengo ekitaldien datak jakinaraziko dira, Gipuzkoako gune enblematikoetan banatuta.

Aurtengoan espazio hauek izango dira: Tolosako Zumardi Txikia, Oiartzungo Arditurriko meategiak, Lasarte-Oriako Brigiden komentua edo Donostiako Kursaaleko terrazak. Irun eta Hondarribian ere izango dira ekitaldiak, oraindik zehaztu gabeko guneetan.

Proiektuari dagokionez, Harkaitz Millan Kultura diputatuak adierazi duenez, “programari esker, Gipuzkoak ezkutuan dituen hainbat paraje eta artista garaikide erakutsi eta ezagutaraztea lortu dugu. Hala, ondarea eta abangoardiaren sorkuntza bateratu egiten dira”. Halaber, Millanek gaineratu duenez, “ezinbesteko hitzordua da Gipuzkoako espazio berezienak, tokikoak zein nazioartekoak, berraurkitu, zabaldu eta indartzeko. Gainera, musikarik abangoardistenaz eta elektronikoenaz gozatuz, hori baita toki guztietara hobekien moldatzen dena, moldagarritasun, malgutasun eta estilo-irekieragatik”.

Dantz proiektua 2017an jaio zen, eta, ondoren, 2019an, Dantz Point proiektua abian jarri zen. Duela bi urte nazioarteko sari bat lortu zuen Dance Televisión-en eskutik. “Horrek proiektua bultzatzeko eta Gipuzkoa mapan jartzeko balio izan zuen”, adierazi du Jokin Telleria programako arduradunak.

Zabaldu: