(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Señora Sariketaren bigarren edizioa maiatzaren 14an abiatuko da

Lehen kanporaketa Hendaian izango da eta bigarrena Laudion maiatzaren 21ean. Finala, berriz, ekainaren 4an izango da Leitzan.

Hainbat bertsolarik eta bertsozale feministak antolatu zuten iaz lehen Señora Sariketa, tokiko herri eragileen eta mugimendu feministako kideekin elkarlanean, bertso plaza berriak sortu eta emakumeei zein azpiratutako identitateei ikusgarritasuna emateko asmoz. Aurten bigarrenez antolatu da, eta maiatzaren 14an abiatuko da Hendaian.

Lehen kanporaketa izango da Hendaiakoa, eta bigarrena maiatzaren 21ean jokatuko da Laudion. Azkenik, ekainaren 4an izango da final handia Leitzan. Sarrerak eskuragai daude dagoeneko www.bertsosarrerak.eus atarian.

Oraingoan hamalau bertsolarik hartuko dute parte. Lehen kanporaketan, Amaia Iturriotz Etxaniz, Aner Euzkitze, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Irati Alcantarilla Urdanpilleta, Josune Aramendi Perez eta Paule Loizaga Legarra ariko dira kantuan. Hendaiako Enbata gaztetxean izango da saioa, 17:00etan.

Bigarren kanporaketan, Andere Arriolabengoa Bengoa, Ane Beloki Lopez, Ane Labaka Maioz, Irati Anda Villanueva, Leire Vargas Nieto eta Sarai Robles Vitas izango dira Laudioko Aiaraldea Ekintzen Faktoriako oholtzan, 18:00etatik aurrera.

Finala Leitzako Herri Aretoan izango da, 17:00etan. Kanporaketa bakoitzetik sailkatutako bi bertsolariek abestuko dute, baita gonbidatu bereziak diren bi “señorek” ere; eguna iritsi aurretik iragarriko dira ohorezko bi parte-hartzaile horiek nortzuk izango diren.

Emakumeei zein azpiratutako identitateei ikusgarritasuna emateko asmoaz gain, belaunaldien arteko aliantzak sendotzeko helburua ere badu Señora Sariketak, ahalduntze kolektiboaren bidetik, eta, beti ere, lurraldetasuna aintzat hartuta.

Zabaldu: