“Luma izatearen harrotasuna” aldarrikatuko du Zinegoak jaialdiko aurtengo edizioak

Zinegoak jaialdiko aurtengo edizioak “bakoitzak nahi duen modukoa izatea eta adieraztea” aldarrikatuko du, “nahi duen moduan eta nahi duen lekuan”.

Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans 16. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak aurtengo edizioko kartela aurkeztu du gaur. Edizio honetan jaialdiak “genero-adierazpena” landuko du kartelaren bidez.

Cassandro el Exótico borrokalari mexikarraren erretratu bat da irudiaren protagonista nagusia. Cassandro mundu mailako txapelduna izan da hirutan, eta borroka libre mexikarrean bere orientazioa lau haizetara zabaldu duen aitzindarietakoa izan da. Izan ere, kirol hau oso maskulinizatua eta matxista da. Irudi honekin, jaialdiak aldarrikatu gura du ez dagoela zertan mugarik egon genero-adierazpenean.

Zinegoakeko zuzendari Pau Guillenek nabarmendu duenez, “badirudi gizon eta emakumeek ezarritako arau sozialen arabera bakarrik adierazi daitezkeela, eta baten batek ezarritakoa jarraitzen ez duenean, adjektibo ugari jaso behar ditu: xelebrea, emagizona, desegokia, bitxia…”. Hori dela eta, aurten Zinegoakek “luma izatearen harrotasuna” aldarrikatuko du, bakoitzak eskubidea izan behar duelako bere generoa adierazteko, konbentzionalismoak ahaztuz, eta libre eta gustora sentituz.

“Harrigarria da zelan, kolektiboaren barruan ere, batzuetan ‘luma izatea’ zeozer negatiboa bezala jasotzen da. Azkenaldian ‘lumafobia’ handitzen ari dela antzematen ari gara, bai kolektibo barruan eta baita gizartean ere. Sexu-aniztasuna gero eta onartuagoa dagoen arren, oraindik orain entzuten dira ‘dena ondo dago, antzematen ez zaizun bitartean’ bezalako esaldiak”. Cassandroren argazkiak honi guztiari aurre egin gura dio: pertsona indartsu bat agertzen da, bere nortasunaz harro, kontrako testuinguru batean bizi arren.

Argazkiaren egilea Katie Orlinsky da eta New Yorker hedabidearentzat egindako erreportaje baten baitan agertu zen. Bere argazkia Zinegoakeko aurtengo edizioko irudi ofiziala izango da.

Zinegoak Elkarteak sexu-aniztasun, identitate eta generoarekin lotutako kontzeptuak lantzen ditu, sexu-orientazioarekin batera.

Cassandro el Exótico egitarau ofizialean

Cassandro el Exótico ez da bakarrik kartelean agertuko. Borrokalari honen bizitza eta nortasuna gertuagotik ezagutu ahal izango dugu Marie Losier zuzendariaren Cassandro el Exótico izeneko dokumentalaren proiekzioarekin. Lanak Zinegoakeko dokumental sail ofizialean parte hartuko du. Xixoneko Zinema Jaialdian Zuzendaritza arloko Fipresci saria jaso ostean.

Horrez gain, sail ofizialean konfirmatu den beste lan bat Bertrand Mandico zuzendariaren “Les garçons sauvages” lana da. Pelikula honek oso kritika onak jaso ditu nazioartean eta Cahiers du cinemak 2018. urteko pelikularik onena dela adierazi du. Saio bi egongo dira; euretariko bat Cineclub FASen lankidetzarekin, otsailaren 19an.

Arte eszenikoei dagokionez, Xake Produkzioen Lur umeentzako antzezlana izango da, Bilbon lehenengo aldiz, otsailaren 24an. Lan honek genero-identitatea lantzen du: protagonista Ane da, bulba duen mutila.

Zabaldu: