Gasteizko Kaldearte jaialdiak betiko distira berreskuratuko du 56 emanaldirekin

Ekainaren 10etik 12ra bitartean, Gasteizen egongo dira ikusgai iazko Zirkuko Sari Nazionala, Manolo Alcantara, Glubbs, Yllanaren kaleko lehen ikuskizuna eta Nicole et Martinen zirkua, besteak beste.

Pandemiaren eraginez, 2020an bertan behera gelditu eta 2021ean Covid-19aren aurkako formatuan egin ostean, Kaldearte jaialdiaren ohiko formatua Gasteizko kaleetara itzuliko da ekainaren 10, 11 eta 12an.Betiko Kaldearteren ahalik eta antzekoena izango den edizioa izango da. Horretarako, hiriguneko kale eta plazak berriro ere betetzeko eta kaleko arteez haien ingurune naturalean gozatu ahal izateko egitarau bikaina diseinatu dugu”, nabarmendu du Gasteizko alkateorde Maider Etxebarriak.

Aurreratu duenez, nazioarteko 30 konpainia izango dira Gasteizen, horietatik hiru hirikoak eta beste sei Euskal Herrikoak. Denetara, 56 ikuskizun eskainiko dira.

Erakustaldiak mantendu egin du konpainien kopurua eta aurrekontua; hala, ostiral arratsaldeko eta larunbat goizeko programazioa mantendu eta handitu egin du, eta orain arte emanaldirik ikusgai egon ez diren guneak gehitu dituzte: Santa Barbara plaza edo Floridako ibilbidea, kasu.

Jaialdia ostiralean, ekainak 10, abiatuko da gaueko 22:00etan, Hortzmuga Teatroa eta Deabru Beltzaken Synfeuny ikuskizunarekin. Bestalde, Gasteizen Senta lanaren estreinaldi absolutua egingo da. Obra ibiltari horrek rock opera pirotekniarekin bateratzen du Herbeheretar alderraia kondairan oinarrituta. Arka plazatik abiatu eta Andre Maria Zuriaren plazan amaituko da.

Emanaldi horren ostean, denetik eta denentzat egongo da jaialdian bertan: antzerkia, dantza, zirkua, magia, poesia, performanceak, clown, umorea… Besteak beste, bertan izango dira Zirkuko Sari Nazionala eskuratu duen Manolo Alcántara; Yllana konpaina entzutetsuaren kaleko lehen ikuskizuna (Glubbs) eta Nicole et Martinen zirkua, Musikaren ibilbidean txikienak eta helduak gozaraziko dituena.

Zabaldu: