(argazkia: Tabakalera)

‘Imajinatu Zinemaldia’ erakusketak publikoari egingo dio gorazarre

Erakusketa Tabakaleran egongo da ikusgai eta herritarrak, edizioz edizio, ateratzen joan diren argazkiak ere egongo dira ikusgai.

Donostiako Zinemaldiak eta Tabakalera  zentroak Imajinatu Zinemaldia izeneko erakusketa antolatu dute, Zinemaldiaren 70. Urteurrenaren harira. Morgancrea estudioa da komisarioa eta uztailaren 4tik irailaren 24ra egongo da ikusgai Tabakalerako hainbat instalaziotan. Antolatzaileek azaldu dutenez, “helburua da industriari, komunikabideei eta hiriari gorazarre egitea, bai eta, batik bat, publikoari ere, hari zor baitzaio bereziki Zinemaldiak zazpi hamarkada hauetan izandako arrakasta”.

Alfred Hitchcock Victoria Eugenian Vertigo (Bertigo, 1958) aurkezten; Harrison Ford eta Carrie Fisher Star Wars-en (Izarretako gerra, George Lucas, 1977) Europako estreinaldian; John Travolta Kontxako hondartzan paseatzen 1983an; Bette Davis 1989ko prentsaurrekoan; U2 taldeko Bono abeslaria Penelope Cruz aktoreari 2019an, ezustean, Donostia saria ematen… Horra hor Zinemaldiaren iruditeriako une ikonikoetako batzuk. Horiek eta beste asko presente egongo dira ikus-entzunezko erakusketa batean. Gainera, herritarrak, edizioz edizio, ateratzen joan diren argazkiak ere erakutsiko dira.

Horretarako, hots, herritarrek argazkietan bildu dituzten oroitzapen pertsonalak igortzeko, online kanal bat jarri du Zinemaldiak. Edozer une bidal dakieke erakusketako komisarioei: selfie bat aktore famatu batekin, autografo bat sinatzen alfonbra gorrian, zuzendariren bat hiritik paseatzen… Komisarioek, gero, irudien aukeraketa bat egingo dute, eta publikoa ardatz duen erakusketako espazio bateko pantailetan jarriko dira.

Erakusketa Tabakalerako zenbait espaziotan jarriko da, beheko solairuko plazaren eta lehen solairuaren artean. Ez da gela baten barruan bakarrik egongo; aitzitik, eraikineko zenbait gune irekitan ere egongo da, Zinemaldiaren izaera herrikoiarekin bat. Hain zuzen ere, publikoaren zinema-jaialditzat jotzen da.

Erakusketan, mugarri nagusiak gogoratzeko, Zinemaldiaren nortasun-ikur batzuk erabiliko dira. Hori horrela, Zine jaialdi honen alderdi ludikoenak gogoratuko dituzten elementuak ikusiko ditugu zentroan; tartean, photocalla, Zinemaldiaren Egunkaria, zinema-aretoak eta alfonbra gorria. Erakusketak ikus-entzunezko elementu ugari izango ditu, eta, edukiak ikusteko, pantaila eta gailu digital ugari egongo dira.

Bestalde, Tabakalera, Imajinatu Zinemaldia erakusketa antolatzen laguntzeaz gain, buru-belarri arituko da 70. urteurrenaren bueltan beste erakusketa batekin; hots, Vive le cinéma!. Datorren uztailaren 8an hasiko da, eta nazioarteko lau zinemagileren instalazio artistikoak erakutsiko ditu: Jia Zhangke, Lemohang Jeremiah Mosese, Isaki Lacuesta eta Dea Kulumbegashvili.

Zabaldu: