Sardiniako bertso jarriak eta bat-batekoak Usurbilen eta Azpeitian

Emanaldia maiatzaren 19an eta 20an eskainiko da. Sarrerek 5 euro balio dute Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 7 gainerako zaleentzat; www.bertsosarrerak.eus atarian eskura daitezke.

Bertsozale Elkarteak bere ekimenez eta elkarlanean antolatutako saio esperimentalak dira Bidaiak. Azaldu dutenez, “ohiko bertso plazatik harago, bestelako emanaldi eta saiakera berritzaileei aukera ematea du helburu, bertso plazaren formatuen ertzak zorrozteko eta zabaltzeko”.

Horri Elkarteak atzerriko kantu inprobisatuekin duen elkarlan esperientzia gehituta atera da hurrengo bertso bidaia proposamena. Sardiniako kantu inprobisatua izango da Usurbilgo Sutegi aretoan. Lehen emanaldia maiatzaren 19an egingo da, 19:00etatik aurrera, eta Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean bigarrena, 22:00etan, maiatzaren 20an.

Sarrerak 5 euroren truke eskura ditzake Bertsozale Elkarteko bazkideak www.bertsosarrerak.eus atarian, eta 7 eurotan bazkide ez denak. Leihatilan ere izango da sarrerak eskuratzeko aukera egunean bertan.

Improvisa Una Antiga Poesia ikuskizuna

Tra Parola e Musica – Casa di Suoni e Racconti erakundeak ekoitzitako Improvisa Una Antiga Poesia ikuskizuna da Usurbilen eta Azpeitian eskainiko dena. Korsikan, Maltan, Grezian, Suitzan edota Katalunian ere prestatuko dira egokitzapenak, kantu inprobisatuen arteko loturak baliatuta. Italia Txiki elkarteak bideratuta eta Bertsozale Elkartearen eskutik iritsiko da.

Hitzaren, musikaren eta irudien bidez, Remundu Piras Sardiniako poesia lehiaketetako cantadore handienaren inguruan osatutako eta Paolo Pillonca kazetariak idatzitako omenaldi barregarria aurkeztuko dute. Sardinieraz eta euskaraz, bat-bateko bertsoak, Pirasen eta euskal bertsolarien bertso idatziak, kontakizuna, musika eta irudiak uztartuko dira ordu eta erdiko emanaldian.

Besteak beste, Dionigi Bitti eta Giuseppe Porcu cantadori sardiniarrek eta Tenore Murales de Orgosolo taldeak eta Alaia Martin eta Julio Soto bertsolariek hartuko dute parte.

Zabaldu: