(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Euskal Herriko Eskolartekoa ekainaren 18an izango da, Iurretan

Sarrerak eskuragarri daude jada www.bertsosarrerak.eus atarian.

Udaberriko ohiko hitzordura itzulita, ekainean izango da aurten Euskal Herriko Eskolartekoa. 14 eta 18 urte bitarteko Euskal Herri osoko bertsolari gazteak elkartuko ditu 34. edizio honek ere. Ekainaren 18an izango da zehazki, Iurretan. Ordurako Eskolartekoak bere bidea egina izango du lurraldeetan; izan ere, horietan sailkatutako gazteek hartzen dute parte jai giroan egiten den Euskal Herri mailako azken saio horretan.

Gipuzkoako Eskolartekoa izan zen egiten lehena: zenbait kanporaketa saioren ondotik, june Aiestaranek jantzi zuen txapela finalean, eta Jon Mendiluze izan zen txapeldunorde. Pasa berri den asteburuan egin ziren Arabako Eskolartekoa eta Nafarroakoa: Maddi agirre era Danel Herrarte arabarrak eta Nafarroako Beñat Astiz eta Eki Mateorena sailkatu ziren Iurretako hitzordurako.

Bizkaiko Eskolartekoaren finala larunbatean egingo da, Larrabetzun; egun osoko festa antolatu da, Taldekakoaren finala ere han egingo baita. Eta ekainaren 4an, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoari dagokion Eskolartekoaren finala egingo da Itsasun. Horiek amaitutakoan ezagutuko da Euskal Herriko Eskolarteko saiorako parte-hartzaileen izen zerrenda osoa.

11:30ean hasiko da Euskal Herriko Eskolartekoa Iurretako frontoian, eta saioa amaitutakoan mokadua eskainiko da bertan. Sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute gazteen bat-bateko bertsolari txapelketa; aurten Iurretako Udalaren laguntza ere izan du Euskal Herriko Eskolarteko saioak. Bertsozaletzea eta gazteei jendaurrean kantuan hasteko aukera ematea du helburu egitasmoak. Bat-bateko txapelketa honetaz gain, lurralde bakoitzean bestelako ekintzak ere egiten dira Eskolartekoari lotuta: idatzizko txapelketa edota adin txikiagokoentzako lehiarik gabeko topaketak.

Zabaldu: