(argazkia: Ainhoa Resano)

Mikel Urdangarin, Joseba Irazoki, Maite Larburu eta Peru Galbete arituko dira Iruñeko Kantu eta Hitza zikloan

Ekainaren 2tik 23ra bitartean izango da zikloa.

Lau zuzenekok, ekainaren 2tik 23ra bitarteko ostegunetan, osatzen dute Kantu eta Hitza zikloaren edizio berria, eta haren barruan formatu txikiko musika emanaldiak egingo dira Erraldoien Txokoan (Descalzos k., 72). Mikel Urdangarin, Joseba Irazoki eta lagunak, Maite Larburu eta Peru Galbete eta Gu izanen dira Iruñeko ekaineko kultur agendan jada finkatuta dagoen zikloaren protagonistak. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira, eta sarrera librea izango da, hasi baino ordubete lehenagotik gonbidapena hartuta.

Urdangarinek 25 urteko musika-ibilbidea ospatuko du ekainaren 2an, zikloa irekiko duen kontzertuan. 25 Tour bira Iruñera iritsiko da errepertorio berezi batekin, zeinetan bere ibilbide artistikoan eta abesti esanguratsuenetan barnako errepaso bat egingo baitu, horietako asko belaunaldiz belaunaldi bizirik iraun duten euskal musikaren altxorrak.

JIEL III da Joseba Irazoki eta Lagunak taldearen disko berria eta ekainaren 9an aurkeztuko dute. Lan heldua da, funtsean Irazokiren eta haren ohiko taldearen soinu ezagun eta bereizgarriez osatuta, baina inolaz ere erosoa edo konformista. Irazoki gitarra-jotzaile polifazetikoa da, folka, rocka, psikodelia eta instrumentuen esperimentazioa barne hartzen dituzten joera askotarikoa, proposamen artistiko harrigarri eta sailkaezina eratuz. Berarekin batera arituko dira Felix Buff baterian eta sintetizatzaileetan, Jaime Nieto baxuan eta Ibai Gogortza gitarran.

Ekainaren 16an, berriz, Maite Larburu igoko da oholtzara. Krak da bere azken lana eta bertan, Carlos Taroncher eta Karlos Aranzegi ditu lagun. Askotariko helburuekin sortutako melodiak eta Axut antzerki kolektiboaren Amua antzezlanerako konposatutako musika jasotzen ditu. Musika bere osotasunean Larburuk konposatu du, bai eta hainbat abestiren letrak idatzi ere. Harkaitz Canok idatzitako abestiak ere badaude, Raymond Carveren poema bat eta Amua antzezlanaren gidoitik hartutako esaldiez osatutako abesti bat. Diskoaren altxorretako bat Aldabako Arizmendi baserrian aurkitutako bertsoak dira, emakume batek idatziak eta ezkutatuak.

Zikloari amaiera emateko, Peru Galbetek kaleratu berri duen Beiratu diskoa aurkeztuko du ekainaren 23an. Musikari autodidakta da eta inprobisazioa maite du. Batez ere ahotsarekin eta irudiarekin lan egiten du, batzuetan bakoitza bere aldetik eta besteetan bata bestearekin harremanean. Haren interes-ardatzak dira ahotsarekin esperimentatzea, inprobisazioa eta performancea, eta banakako piezak sortzen ditu kolektiboak balira bezala. Beiratu hamabi abestiz osatuta dago eta horiekin musikariak bizitzari begietara begiratu nahi dio. Berarekin batera arituko dira Xanti Etxeberri kontrabaxuan eta Idoia Arizaleta gitarran eta teklatuan.

Zabaldu: