(argazkia: EuskarAbentura)

EuskarAbentura 2022 espedizioa uztailaren 1etik 31ra egingo da

Ekimenaren helburuak dira Euskal Herria ezagutu eta balore positiboak transmititzea eta eremu ez formaletan gazteengan euskara eta mundu mailako gazte euskaldunen sare bat osatzea.

EuskarAbentura 2022 espedizioak bideari ekiteko hilabete eskas geratzen denean antolatzaileek dena prest dute. “Datorren uztailaren 1etik 31ra bitartean, Euskal Herriko 128 gaztek euskararen lurraldea luze-zabal zeharkatuko dute oinez; orain arteko espedizio jendetsuena izango da” nabarmendu du antolakuntzak. 16-17 urte bitarteko 128 gazte horiek euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera eramango ditu oinezko abentura honek.

Pandemiak 2020an nahiz 2021ean eragindako gorabeherak gaindituta, 2022ko EuskarAbentura espedizioak jatorrizko izaera nomada berreskuratuko duela ere aurreratu dute: 31 etapatan 700 kilometrotik gora egingo dituzte, Mauletik Getxora, zazpi euskal lurraldeak zeharkatzen dituzten hiru Donejakue bideetan barrena. “EuskarAbenturazaleek aldean eramango dute hilabeteko espediziorako behar duten guztia, besteak beste, lozakua eta estera, kantinplora, jateko ontziak eta tresnak, nezeserra eta arropak. Nomadek frontoietan, kiroldegietan, eskoletako aretoetan hartuko dute aterpe”, azaldu dute.

Euskal Herriko zazpi hiriburuetatik eta 35tik gora herritik pasatuko da espedizioa. Berritasun gisa, 2022ko ibilbideak, aurrekoek ez bezala, Duzunaritzen (Zuberoa); Amaiur, Lesaka eta Zugarramurdin (Nafarroa Garaia); eta Kortezubi eta Sukarrietan (Bizkaia) aurreikusi du geldialdi bana.

Gainera, Unescok Gizateriaren Ondare izendatutako leku eta eraikinak bisitatuko dituzte, baita Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalaren adierazle diren beste asko ere: Orreagako Kolegiata, Donemiliaga Kukulako Yuso eta Suso monastegiak Errioxan (euskaraz idatziriko lehendabiziko glosak), Añanako Gesaltzak, Amaiurko gazteluaren hondarrak, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria; Ekain, Zugarramurdi nahiz Santimamiñeko leizeak; Euskal Kostaldeko Geoparkea; eta Gernikako Juntetxea eta Bizkaia zubia, besteak beste.

“Zalduondotik eta Uhartetik, Muskizetik eta Uztaritzetik, Tafallatik eta Irunetik, Gasteizetik, Arbizutik, Zeanuritik, Donibane Lohizunetik, Bilbotik, Erriberritik, Zumeltzutik, Zarautzetik… Euskal Herriko lau ertzetatik etorritako espediziokideak batuko dira eta, zentzu horretan, Euskal Herriko errealitate soziolinguistiko anitzen lagin adierazgarria izango dira”.

128 jzioquitarrekin batera, Familia Urdina (elastiko urdina daramatelako soinean; jzioquitarrek elastiko laranja daramate) osatzen duten 30 helduk ere egingo dute ibilbidea. Koordinatzaileak, begiraleak (xerpak), sendagileak, erizainak, gidariak, logistika arduradunak, kameralariak eta kazetariak dira.

Zabaldu: