(argazkia: Bilboko Udala)

BilboArtek bigarren egoitza bat izango du Abandoibarrako ibaiertzean

Datorren urtean 25 urte beteko ditu zentroak eta gune berria irekitzea ospakizunetako bat izango da.

BilboArteren 25. urteurrenerako urtebete baino ez da geratzen eta Udalak zentroa zabaltzeko eta handitzeko proiektua martxan jarri du. Horren emaitza izango da datorren urtean Abandoibarrako ibaiertzean irekiko den egoitza berria. “Eraikina txiki ari zen geratzen, duela zenbait urtetik hona kudeatzen ari den jarduera ugarietarako. Zentroaren eta artisten aukerak mugatuta zeuden, lekuagatik, bilakaera handia izan baitu 1998an sortu zenetik, orain baditu-eta estudio hobeto hornituak, tailer-maisu profesional ibilbide handikoak eta tailer digital bat artista ugarik erabiltzen dutena duela sei urtetik”, jakitera eman du Juan Mari Aburto alkateak.

Zentroak 500 obra baino gehiago gordetzen ditu gaur egun, denak bertako tailerretan eta estudioetan sortuak, eta gune berria bilduma horren biltegi eta erakusketa-areto ere izango dela jakinarazi dute, baita beka jasoko duten artisten artean hautatutako proposamenena ere.

Beka eredua eguneratzeko

Artistek gaur egun bizi duten errealitateari egokitzeko asmoarekin, joan den martxoan lanerako mahainguru batzuk antolatu ziren, zentroak sortzaileen komunitateari zer prestazio eskaintzen dizkion aztertzeko.

Gogoeta hori egiteko eta Fundazioaren zerbitzu eta programa bakoitza baloratzeko, artisten batzorde bat eratu zen, arlo bateko eta besteko sortzaileekin, zeintzuek maila bateko edo besteko harremana baitaukate zentroarekin, hala nola: Luis Candaudap, Ramon Churruca; Fermin Moreno; Ixone Sadaba; Zuhar Iruretagoiena eta Blanca Ortiga. Javier Riaño zuzendariaren ustez, “lanerako mahainguru hauek biziki argitu dute zentroak hemendik aurrera hartu beharreko bidea”.

Hala, artisten haztegiari buruz, zuzendari berriak azaldu duenez, “plan estrategiko berriak erdigunean jartzen du artista, eta haren profesionalizazioa lehenesten du, kalitate tekniko handiko obrak ekoitziz tailerretan eta estudioetan. Guk arte gazteenaren, engaiatuenaren eta garaikideenaren alde egin nahi dugu”.

25. urteurrena kontutan hartuz, BilboArte Fundazioa prestatzen eta egokitzen ari da garai berrietarako. Datozen hilabeteetan, Udalak plan estrategiko bat landuko du BilboArte eraikin sendo bat bihurtzeko asmoz, arte-ferietan lekua izango duena eta Europako beste arte-zentro batzuekin truke berriak abiatuko dituena. Gainera, zentroa berregituratu egingo da tailerren eta artisten beharrizanetara hobeto egokitzeko.

Zabaldu: