Eneko Bidegain, Ainhoa Larrañaga eta Zuriñe Maguregiri eman zieten aurreko deialdirako beka (argazkia: Andoaingo Udala)

Martin Ugalde bekarako proiektuak aurkezteko epea zabalik da

Proiektuak 2022eko irailaren 2ra arte bidali ahal izango dira beka@kulturparkea.eus helbide elektronikora.

Martin Ugalde bekarako proiektuak aurkezteko epea zabaldu dute eta aurtengo deialdiaren gaia Martin Ugalde Orradreren ekarpena Euskal Herriari eta euskal kulturari, berak landutako eremuetako edozein kontuan hartuta izango da.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, “bekaren emaitza idatzizko edo ikus-entzunezko euskarrian aurkezteko aukera izango da. Deialdira aurkezten denak argi adierazi beharko du zein euskarritan landuko duen emaitza, eta dokumentazioa horren arabera aurkeztu beharko du”. Hala, emaitza idatzizko euskarrian bada, lanak gutxienez 150 orrialde izan beharko ditu eta ikus-entzunezkoa bada, gutxienez 30 minutuko iraupena izan beharko du.

Proiektuak aztertzean, puntu hauek hartuko dituzte kontuan, besteak beste: azalpen testuaren kalitatea, informazioaren zehaztasuna, ikerketaren berritasuna, iturrien aberastasuna, azterketaren alde kualitatiboa…

Proiektuak 2022eko irailaren 2ra arte bidali ahal izango dira beka@kulturparkea.eus helbide elektronikora.

Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikideek. Bestalde, epaimahaiak aholkua eman ahalko dio irabazleari, proiektua osatu eta hobetze aldera. Irabazleak konpromisoa hartu beharko du aholku horiek aintzat hartzen saiatzeko.

Bekaren irabazlearen berri 2022ko azaroaren 11an jakinaraziko da, Martin Ugalde kultur parkean.

Irabazleak 8.000 euro jasoko ditu lana egiteko. Bekako diru kopuruaren erdia izendatu bezain laster jasoko da, eta beste erdia, lana amaitua entregatu eta epaimahaikideek onespena emandakoan.

Oinarriak, hemen.

Zabaldu: