(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Euskal Herriko Eskolarteko parte-hartzaileen zerrenda osoa aurkeztu dute

Denetara hamabi gazte ariko dira kantuan ekainaren 18an, Iurretan; Unai Iturriagak jantziko dio txapela irabazleari. Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapena eskuratu beharko da www.bertsosarrerak.eus atarian.

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako lurraldeak elkartzen dituen Eskolartekoa eginda, 2022ko Euskal Herriko Eskolartekoan oholtzara igoko diren hamabi bertsolarien zerrenda ezagutzera eman du Bertsozale Elkarteak. “ Duela zenbait aste aurreratu genituen ordezkari arabar, gipuzkoar eta nafarrei, Bizkaiko eta Ipar Euskal Herriko lurraldeetako Eskolartekoetatik sailkatutakoak gehitu behar zaizkie”. Honenbestez, hau da zerrenda osoa: Aetz Etxart, Beñat Astiz, Daia Harluxet, Danel Herrarte, Eki Mateorena, Haira Aizpurua, Irantzu Idoate, Izaro Bilbao, Jon Mendiluze, June Aiestaran, June Diaz eta Maddi Agirre.

Ekainaren 18an Iurretako Kepa Arroitajauregi frontoian izango da saioa 11:30etik aurrera, eta amaitutakoan mokadua eskainiko da. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena eskuratu behar da www.bertsosarrerak.eus atarian. Unai Iturriagak jantziko dio txapela irabazleari.

Urtearen hasieran ekin zitzaion Eskolartekoari: Gipuzkoan hasi zen lehenik, eta pasa berri den asteburuan Itsasun egin zen azken saioa, hainbat gazte aritu dira kantuan. Hain zuzen, hori da, besteak beste, Eskolartekoaren helburua: 14 eta 18 urte bitarteko gazteei jendaurrean bertsotan aritzeko plaza eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea. Gainera, tokian tokiko ezaugarriak kontuan hartuta, bestelako ekintzak ere egiten dira: idatzizko txapelketa edota adin txikiagoentzako lehiarik gabeko topaketa.

34. edizioa izango du aurtengoa Euskal Herriko Eskolartekoak. Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute gazteen bat-bateko bertsolari txapelketa.

Zabaldu: