Katalogo berriak fikzioa eta dokumentala jasotzen ditu. Hiru lan euskara hutsean daude, eta gainerako lauak, gaztelaniaz. Gainera, zazpi laburretatik sei emakumezkoek zuzendu eta ekoiztutakoak dira.
Kimuak programaren 25. edizioaren deialdira aurkeztutako 75 proposamenak aztertu eta gero, zazpi film labur hautatu ditu epaimahaiak Kimuak 2022 katalogoa osatzeko: Contadores (Irati Gorostidi), Cuerdas (Esti Urresola), Fe (Maider Fernandez), Hemen bizi da maitasuna (Ainhoa Olaso eta Enara Garcia), Hirugarren koadernoa (Lur Olaizola), Irrits (Maider Oleaga) eta Lanbroa (Aitzol Saratxaga). Etxepare Euskal Institutuak antolatzen du Kimuak programa eta euskal film laburren sustapena eta zabalkundea du xede. Urtero bezala, euskal film laburren hautaketa hau nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ekimen garrantzitsuenetara bidaliko da.
Aurtengo batzordea honako kideek osatu dute: Maria del Puy Alvarado ekoizlea, gidoilaria eta irakaslea, Malvalanda ekoizpen etxearen sortzailea, Alejandro Diaz Castaño FICX, Gijoneko Nazioarteko Zinema Jaialdiko zuzendaria, Vanesa Fernandez Zzinebi jaialdiko zuzendaria, Iñaki Lazkano EHUko irakaslea eta ikertzailea eta Javier Ocaña zinema kritikaria eta idazlea.
Kimuak 2022 katalogo berriak fikzioa eta dokumentala jasotzen ditu. Hizkuntzei dagokienez, filmetako hiru euskara hutsean eginak daude eta lau gaztelaniaz. Aurtengoan, halaber, zazpi laburretatik sei emakumezkoek zuzendu eta ekoiztu dituzte.