(argazkia: Arabako Bertsozale Elkartea)

Peru Abarrategik irabazi du 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketa

Manex Agirrerekin iritsi zen buruz burukora Abarrategi eta Serapio Lopezek jantzi zion txapela. 450 lagun elkartu ziren Gasteizko Europa Biltzar Jauregian.

Arabako Bertsolari Txapelketako finala larunbatean jokatu zen Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Bertan Manex Agirre, Oihane Perea, Peru Abarrategi, Iñaki Viñaspre, Xabi Igoa eta Paula Amilburu bertsolariak izan ziren lehian.

Arantxa Sobrino aurkezle eta Aintzane Irazusta gai-emaileren eskutik sei bertsolariek ariketa puntuagarriak bukatuta, Manex Agirre eta Peru Abarrategi pasatu ziren buruz-burukora. Azken ariketak bien artean jokatu ondoren, Abarrategi nagusitu zen eta beraz 2022ko Arabako txapelduna da.

Finaleko epaimahaia bost epailek osatu zuten: Fernando Sopelana, Aitor Jimenez, Ekaitz Elorriaga, Manex Garaio eta Mikel Fernandez de Arroiabe. Idazkari lanetan Endika Jimenez aritu zen. Horrela puntuatu zituzten sei bertsolariak:

Peru Abarrategi Sarrionandia 608 puntu; Manex Agirre Arriolabengoa, 602,5 puntu; Oihane Perea Perez de Mendiola  413,5 puntu; Iñaki Viñaspre Simon, 410,5 puntu; Xabi Igoa Eriz, 402 puntu; eta Paula Amilburu Izargarai 384 puntu.

Serapio Lopezek jantzi zion txapela irabazleari. Arabako bertsolaritzan ibilbide luzea du egina Lopezek eta 1982an Arabako lehen bertso eskolen sortzaileetako bat izan zen. Ordutik egundaino bertsolari, irakasle eta antolatzaile gisa aritu da. 2017ko finalean kantatu zuen azken aldiz Arabako Bertsolari Txapelketan. Bere ibilbidea eskertu nahi dio Arabako Bertsozale Elkarteak.

Zabaldu: