(argazkia: Ikastolen Elkartea)

Dena prest da Olarizun Araba Euskaraz festarako

Igandean, ekainak 19, Olarizun izango da aurtengo Arabako ikastolen aldeko jaia eta bildutako dirua Trebiñuko Argantzun ikastolarentzat izango da.

41 urte pasa dira lehen Araba Euskaraz Olarizun antolatu zela, eta igandean berriz itzuliko da. “Zortzi ikastola gara Araban, Ikastolen Elkartearen baitan bildurik. Zortziak bat egin dugu, Argantzun ikastolaren alde. Trebiñu baitugu zortzigarren kuadrilla, Trebiñu baitugu zortzigarren alaba.

Arabako zortzi ikastoletatik txikiena da Argantzun ikastola. 2003. urtean sortua, gogoz, ilusioz eta lan handia  eginez ari da Trebiñu euskalduntzeko ibilbidea egiten. “Txikiena eta bereziena ere bada Argantzun ikastola. Euskara ofiziala ez den eremuan, Arabaren bihotzean baina Araba ‘ofizialetik’ kanpo, hamaika eragozpeni aurre egin behar izan dio. Baina, egun, trebiñuar familia askoren hautua da euren seme-alabei hezkuntza euskaldun eta eraldatzailea eskaintzeko”, azaldu dute antolatzaileek.

Argantzun ikastolak 2003ko urriaren 27an ireki zituen ateak. Ordura arte etxean edo Trebiñutik kanpoko beste haurtzaindegiren batean zain egondako familiek osatu zuten lehenbiziko promozioa. Urtez urte, handituz joan zen ikastola, eta Haur Hezkuntza osoa osatu zutenean, 40 ikasle izatera iritsi ziren. Hortik aurrera, kopuru horretan mantendu dira, 40 eta 50 ikasle artean.

Eta pixkanaka aurrera joan dira, Haur Hezkuntza eskaintzetik Lehen Hezkuntza ere eskaintzera igaro ziren, 2016an, eta 2019an Sagastietara eraman zuten Lehen Hezkuntza, alokairuan hartutako eraikin batean. Hanka bat Trebiñun eta bestea Sagastietan, ikastola hazteko bidea aurkitu zuen Argantzun ikastolak. Aurten, guztira 68 ikasle dituzte eta oso ikasturte berezia da ikastolarentzat, 6. mailako lehen ikasleak ikastolatik aterako direlako eta horrela Lehen Hezkuntzako etapa osoa lortuko duten lehenengo urtea izango delako.

Urteotan, ezinbestekoa izan dituzte ikastolaren komunitatearen konpromisoa, Euskal Herriko Ikastolen elkartasuna, eta baita herritarrena ere. Hiru Araba Euskaraz antolatu dituzte, eta laugarrena ere antolatzera doaz. Hain zuzen ere, Sagastietan ikastolaren eraikina egiteko erabiliko da aurtengo Araba Euskarazen ateratzen den etekina.

Araba Euskaraz festa

Antolakuntzak argi izan du ez dela egun bakarreko jaia izango. “Aitzitik, ikasturte osoan, zortzi ikastoletan, Araba zabalean, jarduera eta ekitaldi desberdinak antolatu ditugu. Urte osoko jarduna izan da, beraz, eta Araba Euskaraz eguna, urte osoari bukaera emango dion jai eguna izango da”.

Festari dagokionez, 10:00etan abiatuko da. Olarizuko Etxaldean egingo dituzte Hasiera eta Omenaldi ekitaldiak.

Ordutik aurrera, Olarizu parkean prestatu dituzten hiru guneetan egun osoko egitaraua antolatu dute. 11:00etan hasiko dira, eta 19:00ak arte askotariko ikuskizunak izango dira bertan.

Haritza gunean, Arte eszenikoak izango dira Armentia ikastolaren eskutik, Ene Kantak ikuskizuna, Perli eta Koxkoloren Bidaia liluragarria, Zunba eta Zortzi alaba kantari abestiaren koreografia eta Goazen!-en emanaldia.

Pagoa gunean, berriz, Euskal Dantzen Topaketa izango da, Algara dantza plaza, Erabatera taldearen emanaldia, Alea-ren Patata minak antzezlana eta Kai Nakairen emanaldia. Goizean DBH eta LHko ikasleentzako Erronka eta Haurren Basoa ere bertan izango dira, eta egun osoan zehar tonbola, Araba  Euskaraz denda, Puntu Morea bertan kokatuta egongo dira, eta paella ere eskainiko da.

Ametza gunean, azkenik, bertso saioa izango da eta talde hauen kontzertuak: Intxixu, Keu Agirretxea, Sukasuan eta Oxabi. Elikagaien taupadak ikuskizunaren bost emanaldi ere izango dira gune horretako Kaiku agertokian.

Gunez-gune ibiliko dira, berriz, Aldats elektro-txaranga, Gasteiz Kantuz eta Kidam magoa. Antolatzaileek aipatu nahi izan dute, halaber, Arabako Herri Arteko Pilota Txapelketaren finala Araba Euskarazen baitan jokatuko dela, 10:30ean, Adurtzako pilotalekuan.

Zabaldu: