(argazkia: Ikastolen Elkartea)

‘Artean amesgaizto’ lanak irabazi du Euskal Herriko Ikastolen II. Komiki Lehiaketa

Irabazleek marrazteko tablet bat eta Xabiroi komiki aldizkariaren urtebeteko harpidetza jaso dituzte opari gisa. Sari nagusia, hala ere, euren lana Xabiroi aldizkarian argitaratzea izango da.

Guztira 83 lan aurkeztu dituzte Euskal Herriko Ikastolen II. Komiki Lehiaketara. 14 eta 16 urte bitarteko ikasleei dago zuzendua, eta Euskal Herriko Historiaren pasarte bat gaitzat hartuta, hura komikira eraman behar dute parte-hartzaileek. Bigarren edizio honetarako aukeratutako gaia Gernikako bonbardaketa izan da. Ikastolen Jaiek, elkarlanean, antolatutako ekimena da honakoa.

Aurkeztutako lan horietatik guztietatik Artean amesgaizto lanak irabazi du saria. Gernikako bonbardaketa zuri-beltzeko margolan handi eta ezagun batera eraman zuen Pablo Picasso artistak margolan hura sortzeko prozesua kontatzen du Itxaso Larraiotzek, Araika Arriagak eta Leire Segurak elkarlanean egin duten komikiak.

Amaia Ballesteros, Ekaitz Agirre Garluk, Joseba Larratxe Josevisky, Aritz Trueba eta Koldo Aldabek osatu dute epaimahaia. Jasotako lan guztien artean hamar finalista aukeratu dituzte, eta horien artetik atera da irabazlea. Epaimahaiak Artean amesgaizto lanaren kalitatea nabarmendu du; marrazteko teknika eta gidoia bezala, eszenak kateatzeko modua ere azpimarratu du.

Azaldu dutenez, “aurkeztu diren lan guztiek ederki heldu diote ekitaldi honetarako aukeratutako gaiari. Batzuek gertaera historikoa kontatu dute, beste batzuek istorio bat asmatu dute gertaera historiko horretan kokatua, Picassoren Guernica obra ere aipagai izan dute, irabazleek bezala, beste batzuek, eta izan dira Gernika eta Ukraina lotu dituztenak ere”. Kontakizunaren estiloan ere aniztasuna egon dela nabarmendu dute: “izan dira kontakizun belikoa egin dutenak, baita tragikoa ere, eta umore beltzetik jo dutenak ere ez dira falta izan. Aipagarria da, baita ere, sari nagusia jaso duena bezala, elkarlanean egindako lanak izan direla gehienak”. Komikigintzan, hain zuzen ere, talde-lanak garrantzi handia du, eta gazte hauek erakutsi duten elkarlan hori aldarrikatu nahi izan du epaimahaiak.

Komikigintza atsegin duten eta horretan lehen urratsak egiten ari diren gazteei euren sormen lana garatzeko aukera ematea zen helburu nagusia, eta era berean, komikiak atsegin dituzten baina oraindik egiteko urratsa egin ez duten gazteak ere animatu nahi izan dira pauso hori ematera. Bai batzuek zein besteek egin dute urrats hori.

Xabiroi aldizkarian

Irabazleek marrazteko tablet bat eta Xabiroi komiki aldizkariaren urtebeteko harpidetza jaso dituzte opari gisa. Dena den, sari nagusia euren lana Xabiroi aldizkarian argitaratzea izango da. Urriko zenbakian argitaratuko da Euskal Herriko hainbat komikigile ezagunen lanekin batera. Aldizkarian argitaratzeko ikastaro bat jasoko dute egileek, Dani Fano komikigile eta Xabiroi aldizkariko zuzendariaren eskutik.

Beste bederatzi finalistek ere izango dute sari bana: Xabiroi aldizkariaren urtebeteko harpidetza jasoko dute guztiek.

Zabaldu: