(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Ekainaren 23an jarriko dira salgai Bertsolari Txapelketa Nagusiko sarrerak

Finalerako sarrerak ere egun horretatik aurrera eskuratu ahal izango dira.

Bertsozale Elkarteak datorren astean aurkeztuko du uda amaitu eta berehala abiatuko den 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Aurretik, baina, sarrerak hilaren 23an jarriko direla salgai iragarri du.

Hala, goizeko 9:00etan hasiko da sarreren salmenta www.bertsosarrerak.eus atarian. Txapelketa osoko saioetarako sarrerak eskuratu ahal izango dira, bazkide, ez-bazkide eta gazte salneurriak bereiziz (gazteen sarrera 2004tik aurrera jaiotakoek baliatu ahal izango dute, urte honetakoak barne, eta 6 urtetik beherako haurrek ez dute sarrerarik beharko, baldin eta ez badute eserlekurik beteko). Erosketa online egiteko zailtasunak dituztenei laguntza emango zaie Bertsozale Elkarteetan, batez ere eten digitala saihesteko.

Nafarroako Bertsozale Elkartean, gainera, finalerako sarrera fisikoak eskudirutan erosteko aukera izango da ekainaren 23tik 30era bitartean: zerbitzu hau 10:00-14:00 eta 16:00-18:00 bitartean eskainiko da aipatutako egun horietan.

Gainerako saioetarako sarrerak fisikoki erosteko aukera ere izango da irailetik aurrera, baldin eta lehenago amaitzen ez badira. Elkarteak aurrerago zehaztuko du zeintzuk izango diren salmenta puntu horiek eta azpimarratu duenez, behin sarrera erosita, ezin izango da aldatu ezta itzuli ere.

Sarrera motarekin

Iruñeko Nafarroa Arenan izango da aurtengo finala, eta hiru sarrera mota ezberdin izango direla ere jakinarazi du: harmaila, errebotea eta pista. “Sarrera mota guztiek salneurri bera izango dute, baina taldean joanez gero, kide guztiek sarrera mota bera hartu behar dute elkarrekin esertzeko. Izan ere, sarrera mota bakoitzak sarbide jakin bat du, eta behin barrura sartuta ez da batekoak eta bestekoak elkartzeko modurik izango”, azaldu dute.

Halaber, sarrera mota bakoitzak prezioan eragiten duten ohiko azpimotak izango ditu: bazkideak, ez-bazkideak eta gazteak. Aurrerago emango dira finalaren eguneko autobusen eta otorduen aukeren berri.

Zabaldu: