Ines Osinaga musikariak ‘Dena aldatzen da’ kantua eta bideoklipa aurkeztu ditu

Miren Amurizak euskaratu zituen Mercedes Sosaren abesti honen letrak. Aldaketari egiten dio gorazarre.

Mercedes Sosaren Todo Cambia kantaren hitzak euskaratu zituen Miren Amuriza bertsolariak duela urte batzuk. Ines Osinaga musikariak hitz horiek irakurtzeko aukera izan zuen eta ukelelea hartuta, jotzen eta abesten hasi zen. “Miren Amurizaren hitz hauek eta ukelele batek bizitza salbatu zidaten behin. Sinesten dut musikak, momentu batez bada ere, hain bakarrik ez gaudela sentiarazi diezagukela, eta horrek berak mundua aldatzen duela batzuetan, hitz batzuek salba gaitzakete, kantu batek besarka gaitzake”, adierazi du arrasatearrak.

Kantuak aldaketari egiten dio gorazarre, “Sosari entzun diogun himno hau euskarara ezezik, gugana ekartzen digu Osinagak. Itzultzea ez baita bakarrik hizkuntza aldatzea, beste gorputz batetik, beste lur batetik, beste larru batzuetatik kontatzen da historia oraingoan. Bere zuritik eta bere emetik, gure aurretik lur honetara lotuak egon diren gorputz guztietatik lotzen den soka bat bezala”, adierazi du Elkar argitaletxeak.

Dena aldatzen da:Aldatzen da azalekoa, / muina ere aldatzen da;aldatzen da pentsaera, / munduan dena aldatzen da.Klima aldatzen da aroz / eta artaldeak zelaiz;dena aldatzen da, beraz /ez harritu aldatzen banaiz. Eskuz esku aldatzen du / dirdira diamanteak,txoriak habia eta / arnasa amoranteak.Ibiltariak bidea / aldatu egiten du maiz;dena aldatzen da beraz, / ez harritu aldatzen banaiz. Dena aldatzen da, / dena aldatzen da…Dena aldatzen da, / dena aldatzen da… Gauez aldatzen da aldez / eguzkiaren sarea;udaberrian soinekoz / aldatzen da landarea.Piztiak ilajez eta / aitona zaharrak bisai(a)z,dena aldatzen da, beraz, / ez harritu aldatzen banaiz. Ordea, ez da aldatzen / ezergatik nire grina;nire herriaren memoria, / nire jendearen mina.Bart aldatu zenak bihar / aldatzen segi dezala,paraje urrunotan ni / aldatu naizen bezala. Dena aldatzen da, / dena aldatzen da…Dena aldatzen da, / dena aldatzen da… Ordea, ez da aldatzen / ezergatik nire grina;nire herriaren memoria, / nire jendearen mina. Dena aldatzen da, dena…

Zabaldu: