Imajinatu Zinemaldia izeneko erakusketa irailaren 24ra arte bisitatu ahal izango da.
Donostiako Zinemaldiak 70. edizioa izango du irailaren 16tik 24ra, eta urteurrenaren harira, Imajinatu Zinemaldia izeneko erakusketa zabaldu dute Tabakalera zentroan. Erakusketa zinema-industriari, komunikabideei, zinema-aretoei, hiriari berari eta edizioz edizio aretoak betetzen dituzten ikus-entzuleei egindako omenaldi gisa planteatu dute.
Hala, irailaren 24ra arte, erakusketak Tabakalerako hainbat gune publikotan banatutako ikus-entzunezko instalazioen bidez Zinemaldiaren historiako jazoera gogoangarri nagusiak erakutsiko ditu. Morgancreako Carlos Rodriguez eta Asun Lasarteren kontzeptuaren arabera, “pertsona guztiok protagonista gaituen obra kolektibo” gisa aurkeztu da erakusketa. Morgancrea ekoiztetxea da, hain zuzen, erakusketa horren komisarioa, eta hogei bat pantailaren bidez 150 minututik gorako edukia biltzen duten ehunka bideo erakusten dira bertan.
Jarraitu alfonbra gorriari!
Hasiera-hasieratik egon da Zinemaldian alfonbra gorria, eta gidari gisa jardungo du erakusketa honetan. Sarrera nagusitik –Andre zigarrogileen plazatik– ez ezik, beheko sarbidetik –Nestor Basterretxea plazatik– ere sar daiteke jendea erakusketara. Guztira, 200 metro alfonbra baino gehiago erabili dira; bisitarien buruen gainetik esekita dago tarte batzuetan alfonbra, eta hainbat modutan ibiltzeko moduko bide bat markatuko du.
Nestor Basterretxea plazatik beheko solairuko plazara sartuz gero, bisitatu daitekeen lehen instalazioa, Ikus-entzuleak, horiei eskainitako zortzi pantailaz osatuta dago. Batetik, alfonbra gorrian, zinema-aretoetan eta Zinemaldiaren etapa desberdinetan zehar ibilbide bat egitea proposatzen digu, eta, bestetik, herritarrek erakusketara espresuki bidali dituzten argazkien aukeraketa erakusten du, lehiaketaren deiari erantzunez: hainbat argazki eta selfie dira, izen eta abizenak dituzte eta Zinemaldira maiz joaten diren pertsonek beren garaian atera zituzten, hainbat izar eta pertsona ospetsurekin batera.
Lehenengo solairura daramaten eskailerak Media instalaziora iristen dira. Idatzizko lan, elkarrizketa, argazki eta ikus-entzunezkoen bidez Zinemaldia nazioartean zabaltzen eta haren memoria gordetzen lagundu duten komunikabideen eginkizuna du ardatz instalazio horrek. Liburu edo egunkari handi bat izango balitz bezala, azken 70 urteotan Donostian izan diren pertsona ospetsu interesgarrienetako batzuen irudi, titular eta adierazpenen hautaketa bat erreproduzitzen dute bi pantaila bertikal handik.
Lehen solairutik irten gabe, korridore luze batek Photocall forma hartzen du, eta 24 x 4 metroko pantaila erraldoi bat da protagonista nagusia. Pantaila horren gainean, bost proiektoretatik aldi berean emandako irudiak erreproduzitzen dira. Gune magiko horren alfonbra gorritik, hala, ibili ahalko dira bisitariak, Zinemaldia azken zazpi hamarkadotan bisitatu duten 800 pertsona entzutetsu baino gehiago ikusteko. Denbora-tunel honen edukiak modu kronologikoan aurkezten dira, eta beraz, distantzia jakin batera kokatuta, ikus-entzuleek aldi berean eta mugimenduan ikusiko dituzte Gloria Swanson, Kirk Douglas, Audrey Hepburn, Harrison Ford, Bette Davis, Robin Williams eta Brad Pitt, besteak beste.
Azkenik, korridorearen atzealdean, gortina batek azken gelarako sarbidera eramango gaitu. Zinea izeneko instalazioa dago bertan, zinema-areto handi gisa sortua. Bertan, pantaila sinkronizatuek Zinemaldiaren historiako une ikonikoenak gogoratzeko aukera ematen dute.
Batetik, ezkerraldean, une ahaztezinak ausaz erakusten dituzten hiru pantaila handi daude: Sophia Loren, Liz Taylor, Bette Davis, Denzel Washington edo Bradley Cooper artisten harrera jendetsuak esaterako.
Bestalde, aretoaren erdian esekitako bi kubok Rafael Moneok diseinatutako Kursaal eraikinari keinu egiten diote; hala, kubo horien aldeetan zortzi gairekin lotutako irudiak ematen dira: hiriko zinema-aretoak, Zinemaldiko epaimahaiak, sariak, antolakuntza eta talentu berriak.
Azkenik, maskorrak izandako bilakaera erakusten duten bi emanaldi daude ikusgai erakusketan, baita 70 edizioetako kartel ofizialen animazio bat ere, eta halaber, bi ukipen-pantailen bidez Zinemaldiaren historian zehar nabigatzeko aukera ematen duen mediateka bat ere badago, erreportajeak, elkarrizketak, sari-banaketak, pertsona famatuak eta filmak ezagutarazten eta gogorarazten dituena.
Haurrentzako tailerrak, bisita gidatuak eta lehiaketa bat
Erakusketaren inguruan, haurrentzako tailerrak antolatu dira (batzuk 3-6 urtekoentzat eta beste batzuk, berriz, 7-11 urtekoentzat) asteazken eta ostegun goizetan eta larunbat arratsaldeetan, baita helduentzako bisita gidatuak ere astearte arratsalde eta igande goizetan. Jarduerak doakoak dira eta interesa duten edonor inskriba daiteke Zinemaldiaren eta Tabakaleraren webguneen bidez. Gainera, erakusketa bisitatzen dutenek erakusketaren edukiekin lotutako galdera-lehiaketa batean parte hartzeko aukera ere izango dute. Erantzun zuzenen artean Zinemaldiaren 70. ediziorako sarrerak eta merchandisingeko objektuak zozketatuko dira.
Erakusketa egunero egongo da zabalik, astelehenetik igandera, 10:00etatik 20:00etara.