‘Artearen Meta-Kartografia Euskal Herrian, Mekarteak’ erakusketa Bilboko Rekalde aretoan ikusgai

Uztailaren 10era arte bisitatu ahal izango da erakusketa.

AKMEKA EHUko ikerketa taldek Artearen Meta-Kartografia Euskal Herrian, Mekarteak aurkeztuko du Rekalde aretoko erakusleihoan hilaren 10era arte.

Mekarteak proiektuaren bidez, AKMEKA ikerketa taldeak “enegarren kartografia berritik” ihes egin nahi izan du. “Topografoaren ustezko objektibotasunetik urrundu nahi dugu, jakin badakigu irudikapen horiek ez dituztela ematen guk bilatzen ditugun emaitzak. Eremua dinamikoa da eta ez du muga zehatzik; geruza konplexu ugari ditu, elkarren artean nahastuta eta elkarri konektatuta, eta irudikapen ortogonalak ezin atzeman ditzake. Eta errealitatearen osoko irudikapena egiteko ezintasun horren aurrean, meta-kartografia kritiko bat proposatzen dugu, testuinguru soziokultural konkretu baten (gurea) mapa bat (batzuk)” azaldu du.

Horretarako EHUko Arte Ederren Fakultateko ikertzaile eta artistek “kolaboratzaile-mapeatzaile” multzo bati hauxe proposatu die taldeak: “metakartografia horren gainean jar ditzatela, nahi duten koordenadetan, egokitzat jotzen duten/dituzten geruzan/geruzetan”, Euskal Herriko “praktika artistikoen” kartografia subjektiboak, 2016 eta 2022 urteen arteko epea erreferentziatzat hartuta eta erabateko askatasunez eskala, datu, input, testu, sinbologia eta gainerakoei dagokienez.

Mekarteak EHUko Arte Ederren Fakultateko Arantza Lauzirika eta Natxo Rodriguez irakasle eta ikertzaileek zuzendutako proiektu bat da, eta Olaia Miranda, Ismael Manterola, Fito Rodriguez Bornaetxea, Oihane Sanchez, Edurne Gonzalez, lgor Rezola, Camilo Torres, Juan Pablo Orduñez MawatreS, Xabier Barrios, Andrea Estankona eta Pablo Maravi ikertzaile eta artistek parte hartu dute.

Zabaldu: