Nafarroako Unibertsitatearen Museoak Abstrakzioaren sorburua Jorge Oteizaren muraletan erakusketa ikusgai dago datorren otsailaren 10era arte. Jorge Oteiza Fundazio Museoarekin elkarlanean prestatutako erakusketa da eta Elias bere suzko gurdian eta Erliebe zuzena/Bachen omenez izeneko bi mural handiak testuinguruan jartzeko proposamena egiten du. Lan bi hauek 1956an, Maria Josefa Huarteren enkarguz egin zituen Orioko eskultoreak haren Madrilgo etxerako.
Huartek Nafarroako Unibertsitateari eman zizkion bi obrak, eta gaur egun unibertsitate horretako museoko bildumaren parte dira. Eskultoreak hormaren aukera espazialak aztertu zituen bi lan horietan, hainbat teknika aplikatuz: erliebe positiboa eta erliebe ebakia, hurrenez hurren.
Erakusketak Jorge Oteiza Fundazio Museoaren Bildumako 32 pieza erakusten ditu eta horien artean daude artistak egindako obra horien bozeto eta diseinuak, hainbat eskultura, marrazki, collage eta dokumentuekin batera. Horiez gain, Jorge Oteiza Museoan erakusketaren osagarri diren beste obra batzuk ikusgai daude eta baita Huarte familiarentzat egindako Forma motelak izeneko murala ere.
Eskultorea eta Huarte familiaren arteko harremana 1954an hasi zen, Juan Huarte eta bere emazte Charo Gimenezek San Sebastian izeneko obra erosi zutenean, Madrilen ezagutu zuten elkar eta handik eta gutxira Oteizaren beste hiru obra erosi zituzten.
Handik eta bi urtera, Huarte eraikuntza-enpresa Madrilen zegoen lanean. Han Oteizarentzako estudio bat jarri zuten, eta eskultoreak bertan sortu zituen eskultore gisa maila gorenera eramango zituen 1957ko Sao Pãuloko Bienalerako obrak.
‘Abstrakzioaren sorburua Jorge Oteizaren muraletan’ erakusketa datorren otsailaren 10era arte egongo da ikusgai Nafarroako Unibertsitatearen Museoan.