(argazkia: Donostia Kultura)

Hinrich Sachs izango da San Telmoren Museo Bikoitza programan arituko den hurrengo artista

Iratxe Jaio eta  Klaas van Gorkum bikote artistikoak Hinrich Sachs aukeratu du Museo Bikoitza programan bere ondoren lan egin dezan

Donostiako San Telmo Museoak Museo Bikoitza esku-hartze programaren hurrengo artista gonbidatua Hinrich Sachs dela eman du ezagutzera. Programaren ezaugarrietako bat da edizio bateko artistak hurrengo ediziokoa gonbidatzen duela proiektuan parte hartzera. Hala, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkumek osatzen duten bikote artistikoak Hinrich Sachs hurrengo urtebetean Museo Bikoitza proiektuan lanean aritzeko hautatu du.

Bikoteak azaldu duenez, “kultura ondareko museoetako arte ederren eta etnografiaren kategorien arteko banaketa zurruna ertz asko dituen gaia da. Bien arteko oreka berrezartzeko edozein saiakerak erresistentzia aurkitu ohi du museoek beren autoritatearen iturri diren funtsezko balio eta konbentzioei aurre egin orduko. Museo Bikoitza programarekin, ordea, San Telmo Museoak bi kategorien artean esperimentaziorako gune aitzindari bat ireki du, eskuzabal. Zeregin nabarmena eman die praktika artistikoei bere bilduma etnografikoari eta erakusketa narratibei buruzko ikuspegi berritzaileen garapenean.

Zeregin hori gauzatzeko, nolabaiteko sentsibilitate kulturala behar da, bai eta norberaren diziplinaren horizontetik haratago begiratzeko gaitasuna ere. Horregatik, kontu handiz eztabaidatu ondoren, atsegin handiz izendatu dugu Hinrich Sachs Museo Bikoitza proiektuan gure ondorengo”.

Hinrich Sachs Donostian hazitako artista suitzarra da, gaur egun Basilean bizi eta lan egiten duena. Bi kulturen artean hazita, “gure pertenentzia-sena osatzen duten indar sotilen inguruan berezko kontzientzia garatu du”, azaldu du bikote artistikoak. Sachsen hitzetan: “Uste dut objektuek, baita materialek ere, sinetsi nahi duguna baino askoz gehiago eragiten dutela portaera, konbentzimendu eta pertzepzio ereduetan, gizabanako autonomoaren – hau da, mundua kontzeptuen, ideien eta sinesmenen bidez zorionez identifikatu nahi duen subjektu modernoaren-  idealei dagokienez”.

Iratxe Jaiok eta Klaas van Gorkumek diotenez, “metodologia etnografikoak, Sachsen praktika artistikoan, ziurtzat jotzen ditugun gauzen atzean ezkutatzen diren estrategiak azaltzeko balio du, hala nola kartelen tipografia espazio publikoan edo haurrentzako hezkuntza materialetan erabiltzen diren irudiak. Artistak arreta berezia jartzen du globalizazio eta kapitalismo berantiarrak tokiko idiosinkrasia kultural espezifikoetan duen eraginean, eta dagoeneko klasiko bat den Euskal Tipografien Nazioarteko Enkantearen egilea da, 2001ean Consonnirekin elkarlanean burutua.

Obra jakin horren artxiboa Madrilgo Reina Sofia Museoko bildumetan sartu zen, hain ukiezinak eta performatiboak diren proiektuen balio kulturala aitortzeko urrats garrantzitsua. Baina artista oraindik ez dago behar bezala ordezkatuta euskal lurraldeko arte garaikideko bildumetan. Huts hori konpontzea espero dugu Sachs San Telmo Museoarekin, Euskal Gizartearen museoarekin, lankidetza estuan aritzera gonbidatuz”.

Zabaldu: