(argazkia: Donostia Kultura)

Glad is the Day jaialdiaren 6. edizioa aurkeztu dute

Abuztuaren 28an, hileko azken igandean, Gladys Enea parkea musikaz beteko da berriro ere.

Bi urtez jarraian bertan behera geratu ondoren, Glad is the Day jaialdia itzuliko dela iragarri du Donostia Kulturak. Egia Kultur Etxeak, Dabadabak eta Le Bukowskyk koordinatzen duten ekimen hau 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren testuinguruan sortu zen, eta denbora gutxian erreferentziazko ekitaldi bihurtu da Donostiako udan.

Seigarren edizioa abuztuaren 28rako antolatu dute eta, besteak beste, 16 talde eta artista igoko dira oholtzara. Kontzertuak, DJen saioak, piknik-ak, azoka bat eta haurrentzako jarduerak izango dira 11:30ean hasi eta 20:30ean amaituko den musika jardunaldiaren egitarauan.

Etenik gabeko bederatzi orduko programazioa izango dela zehaztu dute antolatzaileek, “azokan zein musikan, tokiko izaera eta talentua proposamen harrigarri eta nortasunez betetakoekin konbinatzen dituena. Saltsa, trap eta rock estiloak, besteak beste, izango dira inoiz baino koloretsuagoa eta anitzagoa izango den Agertoki Nagusian; Hondamen Sonikoan, berriz, dantza ziurtatuko duten trapa, hip-hopa eta soinu urbanoenak izango dira. Gaua iristean eta asteburua luzatu nahi dutenentzat, Le Bukowski eta Dabadaban Dj gehiago egongo dira abesti onenak aukeratzen”.

Azoka Dabadabak antolatuko du. Bertan, vintage dendak edo tokiko talentuen sorkuntzak, besteak beste, Kutxa Kultur Modako Ural, Akukuna eta Oksanarenak izango dira.

Jaialdiak aperitifa izango du bezperan, abuztuaren 27an, Tabakalerako plazan izango den Musikagela zerbitzutik antolatutako emanaldi batekin.

Jaialdia (izenaren hitz-jokoan Gladys del Estal militante ekologista omentzen duena) donostiar askoren parke gogokoena denaz ahalik eta errespetu eta adeitasun handienaz gozatzeko sortu zen. Helburua beti izan da parkea jaialdiaren protagonista bihurtzea, eta ez alderantziz.

Egitaraua

Zortzi talde igoko dira Agertoki Nagusira: Goxua´n Salsa, Lukiek, Querakt Lahoz, Adios Amores, Lie Detectors, 33EWE, eta tokiko Lurrin eta Teko Maisin.

Talde hauez gain, hip-hopari eta soinu urbanoei lotutako zortzi emanaldik dantzan jarriko dute Hondamen Sonikoa: Ben Yart, Hofe x 4:40, Topanga Kiddo, La Mia Mari, Juicy Bae, Umami, Ttrraaccaa eta MBODJ & Baba Sy.

Zabaldu: