(argazkia: Irekia)

‘Emakumeen aurkako eraso matxistarik gabeko kultur gune baterantz. Hausnartzeko eta jarduteko gida’ aurkeztu dute

Argitalpenak kultura-ekitaldietan, bereziki ekitaldi jendetsuetan, emakumeentzako arrisku-guneak identifikatzen ditu, eta gomendatzen du prebentzio eta jarduera protokoloak egitea, prebentzio-neurriak hartzea eta, erasoren bat gertatuz gero, arreta eta erantzuna ematea, bai eta erakundeko arduradunak gaian hezitzea ere.

Aurkezpena Barakaldoko BECen egin da, hain zuzen ere, bertan egingo delako uztailaren 22tik 25era Euskal Encounter, gomendio horietan oinarritutako protokoloa izango duen lehen ekitaldi handietako bat.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez, Emakundek egindako gidak ohar orokorrak jasotzen ditu, gero ekitaldi bakoitzaren ezaugarrietara egokitu daitezkeenak, Euskal Encounterrek egin duen bezala. Haren hitzetan, honen helburua da “urratsak ematea erasorik gabeko berdintasunezko espazioetarantz, gizonek eta emakumeek aisialdiaz eta denbora libreaz askatasunean eta berdintasunean gozatzeko aukera izango duten espazioetarantz”.

Gidaren helburu nagusia da “aisialdi-eremuetan, edozein motatakoak direla ere, emakumeen aurkako indarkeria ez normalizatzea edo banalizatzea; ez dezala inork pentsa zenbait espaziotan jokabide sexistak onar daitezkeenik; erasoen mehatxuak ez dezala emakumeen askatasuna mugatu, ezta kulturaren arloan ere”, azaldu du Artolazabalek.

Hala, gidak kultura-ekitaldietan, bereziki ekitaldi jendetsuetan, emakumeentzako arrisku-guneak identifikatzen ditu, eta gomendatzen du prebentzio- eta jarduera-protokoloak egitea, prebentzio-neurriak hartzea eta, erasoren bat gertatuz gero, arreta eta erantzuna ematea, bai eta erakundeko arduradunak gaian hezitzea ere.

Artolazabalen hitzetan, horrela, “kultura- edo aisialdi-ekitaldi bat, edozein motakoa, antolatzen hasten den lehen unetik bertatik gogoan izan dezaten elkarrekiko errespetua eta guztien eskubideak bermatzeko espazioak izan behar direla”.

Zabaldu: