(argazkia: Gernikako Udala)

1937ko bonbardaketari buruzko argazki erakusketa ireki dute Gernika-Lumon

Erakusketa ibiltaria izango da kultura biztanleen eta bisitarien artean zabaltzeko balioko duela adierazi dute antolatzaileek.

Gernikako kaleak eta plazak hartuko dituen erakusketa zabaldu dute. Honetan, 1937ko bonbardaketari buruzko argazkiak ikusi ahal izango dira. Antolatzaileen arabera, “diseinu esklusiboko eta izaera bereizgarriko egitura berri honk izaera ibiltaria izango du, eta kultura biztanleen eta bisitarien artean zabaltzeko balioko du”.

Erakusketa-panelen lehen muntaketa El Ferial lorategien inguruan kokatu dute, Iparragirre eskulturaren ondoan, eta bonbardaketari buruzko lagin bat hartuko du. Instalazioak zortzi euskarri izango ditu guztira, eta horien gainean erasoaren ondorengo Gernikako argazki zaharrak erakutsiko dira, hala nola erretako frontoia edo San Juan eliza suntsitzen duten sugarrak. Irudi guztiak Gernikako Bonbardaketaren Dokumentazio Zentroko artxibotik datozela azaldu du Udalak, eta Xabier Irujo historialariaren azalpen-testuekin batera jarri dituzte.

Jose Maria Gorroño Gernikako alkateak gogora ekarri du bonbardaketa Alemaniako Condor Legioaren eragiketa izan zela eta izan zuten asmoa dena erabat suntsitzea izan zela. “Herriaren %85,22 guztiz deseginda utzi zuen eta 2.000 hildako baino gehiago eragin zituen, Eusko Jaurlaritzaren eta orduko alkate Jose Labauriaren adierazpenen arabera”. Erakusketa honek “gerraren izugarritasunaren fede ematen du, eta erakutsi egiten digu, bai belaunaldi berriei bai gu guztioi, zein egoeratan geratu zen Gernika 1937ko apirilaren 26an” alkatearen esanetan. Gainera, Gorroñok adierazi du “gorrotoari, indarkeriari eta gerrari ezetz esan” behar zaiela.

Zabaldu: