(argazkia: Arabako Aldundia)

Araiako Umore Antzerki jaialdiak 43 emanaldi eramango ditu 25 herritara

Araian izango dira emanaldietako 13, abuztuaren 12tik 15era bitartean, eta gainerako 30ak abuztuaren 1etik irailaren 3ra bitartean egingo dira lurraldeko 24 gunetan.

Umore Antzerki jaialdia betiko formatura bueltatuko da aurten aurreko edizio murriztuaren ondoren. 29. edizioa izango da aurtengoa eta ohi bezala, Araia izango du topagune abuztuaren 12tik 15era. Gainera, Arabako gainerako tokietako ohiko antzerki zirkuitua izango du lagun jaialdiak. Abuztuan zehar, guztira, 43 emanaldi izango dira, 25 herritan, 14 konpainiaren eskutik.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “konpainia horietan, beti bezala, clown-a, antzerki fisikoa, zirkua, surrealismoa, musika, testu antzerkia, abangoardia eta umore dosi handiak izango dira”.

Jaialdia Aiaran

Araiako Arrazpi Berri kiroldegiak hartuko ditu barneko ikuskizunak, 22:30ean. Hilaren 12an, The One and the one clown-en duo komikoarekin hasiko da, Colette Gomette & Anna de Lirium konpainia franko-austriarraren eskutik. Hilaren 13an, berriz, Xake Produkzioaken Fadoak entzuten zituen gizona taularatuko dute. Hurrengo egunean, publikoak umorearen bidez hausnartu ahal izango du La Caloricaren Las Aves lanari esker, eta bukatzeko, Els Joglars Kataluniako konpainiak Que salga Aristófanes lana aurkeztuko du. Emanaldi bakoitzak 15 euroko sarrera izango du, eta laurak 42 euro izango dira.

Kale ikuskizunak ere izango dira Araiako hainbat gunetan: Maite Guevararen Qué buen día; Barsanti Teatroa konpainiaren Legea gu gara; Hortzmugaren Bidearen Amaieran; Trocos Lucos-en Tartan; eta Orain Bi konpainiaren Mute.

Aurten, gainera, abuztuaren 14an, jaialdiak lau emanaldi izango ditu Kultura Etxean, formatu txikiko ikuskizun batean: El Mono Habitado Gasteizko konpainiaren La Buena Letra, 5 euroan.

Sarrerak

Sarrerak eta abonuak abuztuaren 4an hasiko dira saltzen, www.jaraialdia.com webgunean eta Entradium plataformaren bidez. Halaber, abuztuaren 4, 5, 8 eta 9an, 12:00etatik 14:00etara, Arrazpi Berri kiroldegian aurrez aurreko eta aldez aurreko salmenta egongo da. Ikuskizunaren egunean bertan, ordubete lehenago, eguneko ikuskizunaren sarrera ere erosi ahal izango da leihatilan.

Ibiltaritza

Gainera, biran egongo diren pieza horiek herri hauetara ere iritsiko dira: Amurrio, Artziniega, Bernedo, Domaikia, Eltziego, Espejo, Izarra, Bastida, Lantziego, Laudio, Luiaondo, Maeztu, Manzanos, Okondo, Oteo, Pobes, Ribabellosa, Salcedo, Birgaragoien, Iekora, Zaitegi eta Zuhatzu Kuartango. Kaleko ikuskizunak Araian eskainiko dituzten bost konpainiek ere Araban egingo dituzte ibilbide horiek, eta beste lau gehituko zaizkie: Panoli Kabareta Ganso & Cia-ren eskutik; Por hacer un favor Trapu Zaharraren eskutik; KOBR3 Zirkozaurreren eskutik; Piensa en Wilbur Wilbur-en eskutik.

Zabaldu: