Galder Perezek eta Chema Trujillok irabazi dituzte XVI. Café Bar Bilbao Teatro Laburreko sariak

(Argazkia: Ane Zabala)

Denetara 28 gidoi jaso dituzte Café Bar Bilbao Sariaren 16. edizio honetan. Hauetatik zortzi euskaraz izan dira eta antolatzaileek aitortu dutenez, irabazleak aukeratzea lan zaila izan da, antzezlanen kalitate onagatik.

Sari bakoitzeko irabazleek 800 euro jasoko dituzte eta, antzezlanak Café Bar Bilbaoren webgunean argitaratuko dituzte. Bestetik, Lautan Hiru Bilboko Zazpi Kaleetako antzerki laburreko jaialdiaren baitan, Galder Perezen Lurrun-minez antzezlanaren irakurketa dramatizatua egingo da datorren otsailaren 7an Café Bar Bilbaon gaueko 19.30ean. Galder Perez bera eta Tartean Teatroko kideen eskutik egingo da irakurketa.

Teatro Laburreko sari honen ezaugarri nagusia formatu txikira egokitzen diren antzezlanak laguntzea da. Hau da, antzezlanaren beharrizan teknikoak eta artistikoak txikiak izan behar dira eta, banaketa eta ekoizpen errezekoak. Honekin batera, sari honen beste xedeetako bat dramaturgo hasi berriak laguntzea eta antzerkiaren munduan murgiltzen animatzea da.

Cafe Bar Bilbaok 2002tik egiten du Gidoi Laburren sari ezaguna eta, idazle  eta dramaturgo ugarik jaso dute dagoeneko merezitako errekonozimendua: Arantxa Iturbe, Lutxo Egia, Pako Aristi, Imanol Ituño de Miguel, Teresa Calo, Gaizka Sarasola, Mikel Mikeo, Fredi Paia, eta, Aizpea Goenaga izan dira horietako batzuk. Galder Perezek eta Txema Trujillok aurreko edizioetan ere saria jaso izan dute.

Zabaldu: